Eskoriatzako Udalak antolatuta, eta herriko talogileen taldeko Asun Garai eta Miren Diaz de Gereñu talogileek, atzo, kultura etxean eman zuten ikastaroa arrakastatsua izan zen.
Talogileen beharra izaten dute beti herriko ferixan, edo San Pedro jaietan. Hala, konpromiso barik, hitzordu hauetarako laguntzaileak batzeko, edo interesa duen orori erakusteko antolatu dutela ikastaroa adierazi zuten.
Asun Garai aitzindari
Eskoriatzako talogile taldea, Arizmendi ikastolak antolatzen duen Eskoriatzako ferixan du sorrera eta aitzindaria Asun Garai dela azaldu du Diaz de Gereñuk. Berak irakatsi zizkien taloak egiten, eta orain jende berriari erakutsi nahi diete taldeko partaideek. Kopuru finko bat izan ez arren, hogei lagun inguru batzen ditu talogile taldeak eta euren asmoa jarraitzea dela azaldu dute.
Taldea beteta, saio bat gehiago
Atzoko ikastaroan hamabi lagun batu ziren, eta datorren astelehenean, beste hamabi pertsonako talde batek ikasiko ditu taloak egiten. Aurrera begira, Gabonetarako errege-opilak, San Blas opilak… egitea dela asmoa ere azaldu dute Udaletik.
Taloa egiteko trukoak
Talo bat ondo egiteko trukoak zeintzuk diren ere adierazi zituzten, eta amaitzean, bapo afaldu zuten bertaratu zirenek. "Gogoa, irin ona izatea, kolpe ugari ematea eta potentzia handiko sua erabiltzea" dela beharrezkoa azaldu zuen Miren Diaz de Gereñu talogileak.