Orokorrean ez dute igoerarik izango Eskoriatzako udal zergek eta tasek

Imanol Beloki Unamuno 2016ko urr. 19a, 17:13

Eskoriatzako urriko ezohiko osoko bilkuran hainbat puntu landu ziren, baina azpimarratzekoa 2017rako ordenantza fiskalak aldatzeko hasierako onarpena izan zen. Orokorrean ez da igoerarik izango, baina aldaketa batzuk egongo dira. Bederatzi baiezko eta bi abstentziorekin –Bildurena eta Irabazirena– onartuak geratu ziren ordenantza fiskalak.

Honen aurretik, aldiz, Kuatruena parean udal lurrak Diputazioari uzteko sinatu zuela adierazi zuen Joserra Zubizarreta alkateak. Eta esan zuen Diputazioak laster hasiko dituela lanak bertan. "Oinezkoentzat zebra-bide bat eta semaforoa jarriko da, oinezkoak alde batetik bestera pasa daitezen".

Ordenantza fiskalei dagokienez, orokorrean ez da igoerarik egongo, baina hiru tasatan aldaketak egongo dira. IBIan, esaterako, baina aurretik tratatu zen gaia eta Diputaziotik jakinaraziko die herritarrei. Bestetik, kirol zerbitzuen kostuak %1,4ko igoera izango du eta hainbat arrazoi eman zituen Joserra Zubizarreta alkateak: "Duela lau urtetik ez ditugu igo, eta zerbitzu aldetik hobetu egin dugu; ordu gehiago jarriz…".

Kontsumo arduratsua sustatuz

Uraren kostuaren kobrantzan ere aldaketa egongo da. Ur agentziatik %2,74ko igoera izan da, eta, beraz, etxebizitzetan ere aldaketa egongo da. Orain arte, etxebizitzetako erabiltzaileek gastu finko bat izan dute, eta orain baxuagoa ordaindu beharko da: 18 euroko gastu finkoa, hain zuzen ere. Hortik aurrera, herritarrek gastatzen dutenaren araberakoa izango da. Horrez gain, "tramuka kobratuko da kontsumo zuzena. Hor ere aldaketa izan da; kontsumo baxua dutenek gutxiago ordainduko dute eta gehiago gastatzen dutenek gehiago, kontsumo arduratsu baten alde", adierazi zuen alkateak.

EH Bilduren kezkak

Amaitzeko, hainbat gai atera zituzten EH Bildukoek mahai gainera: Eskoriatzako zerbitzuen hondakin sistemaren aldaketa egin dela adierazi zuten, batzordetan eztabaidatu barik. Jeltzaleek erantzun zuten erabaki tekniko bat izan dela, eta erabilera gutxi dituzten zerbitzuek, beste edozein herritarrek erabiltzen duten sistema bera erabiltzea ontzat eman dutela.

Honez gain, kirol zerbitzuan, aholkularitza lana egiten zuen pertsonaren lana desagertuko dela adierazi zuen Aitor Zubizarretak. Orain arte, bi enpresa pribatu izan dira; bat kirol zerbitzuetan lanean, eta aholkularitzarako beste bat. Hala ere, atzoko plenoan onartu bezala, kirol zerbitzu berria izango da, eta pertsona horren figura zerbitzu berrian txertatuta dagoela adierazi zuten EAJko alderdikoek.

Merkataritzaren egoeraz

Merkataritzaren egoera ez dela ona ere azaldu zuten, eta Udalarekin elkarlanean sustatu behar dela. "Horri aurre egiteko proposamenak egin dira, eta merkatari elkarteak indarra hartu behar du" adierazi zuen alkateak. Hala, merkatari eta Udalaren arteko elkarlana sustatu behar dela ere komentatu zuten bi alderdiek.

Horretarako, Eskoriatzako Udalak I. Pintxo Lehiaketa antolatuko du azaroaren 10 etik 13ra (biak barne). Herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeaz gain, pintxoak egiterakoan, bertako produktuak erabiltzea helburua izanik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak