Aurreikuspenen arabera azaroaren 1erako lanak amaituta izan nahi dira, baina ahal bada urriko azken asterako amaituko dituzte dena ondo badoa, hala adierazi dute Udaletik.
Bi proiektu aurrera
Lanen aurretik, hiru proiektu aurkeztu ziren, baina bi proiektu eramango dira soilik aurrera: Batetik, lurra berrituko da, zolatuz, hormigoi inpreso batekin. Honekin batera: hesia jarriko da, pareta konponduko da, zaharra botaz, eta lekua handitze aldera horma-hilobi batzuk kenduko dira, bederatzi inguru.
Bestetik, irisgarritasuna hobetzeko lehen zeuden eskailerak egokitu eta arrapala berri bat jarriko da kanposantuko alde berria eta zaharra banatzen diren tokian. Aritz Urrutia Eskoriatzako Udal teknikariaren esanetan: "Gaur egun, badaude eskailerak, eta baita arrapala ere, baina orain arteko arrapalak %20 inguruko malda du, eta halako malda izatea arriskutsua da. Oraingoak, berriz, %8koa izango du". Hala, ezintasuna daukaten pertsonek bidea egokiago izango dute kanposantuko zati horretan.
50.000 euroko aurrekontuaz
Kanposantuko obrak Sasoi Eraikuntzak enpresak egingo ditu, eta Eraiki enpresak eramango du obra zuzendaritza. Aurrekontuari dagokionez, berriz, 50.000 euroko izango da hasiera batean onartu dena.