Kirol zerbitzuen kudeaketa eta aholkularitza lehiaketara ateratzea onartu du udalbatzak

Mirari Altube Arrese 2016ko uzt. 27a, 14:23

Uda sasoiko azken ohiko osoko bilkura egin zuen atzo, martitzena, Eskoriatzako udalbatzak, eta hainbat obra txiki eta zenbait zerbitzuren lizitazioak onartu zituzten, horien artean, kirol zerbitzuarena.

Erabaki zuten kirol kudeaketa eta aholkularitza zerbitzua emateko lehiaketa abian jartzea. Izan ere, orain dagoen kirol aholkulariari datorren urteko otsailean bukatuko zaio kontratua eta kirol zerbitzuak ematen dituen enpresari aurtengo irailean. Hala, biak bat egin eta lizitazioa egitea erabaki dute. Interesa duten enpresek irailaren 12a arte dute aurkezteko epea. Hori bai, hainbat baldintza eskatuko die Udalak.

Kontrataziorako aurrekontua igo egin dute, gainera. Eta horren harira kezka agertu zuen EH Bildu alderdiak. Horren arrazoia da "ordutegi zabalagoa" eskaini nahia "erabiltzaileek eskatutako legez".

Bestetik, haur eskola zerbitzua ematen duen enpresari ere kontratua bukatuko zaio eta beste urtebetez luzatzea erabaki zuten.

Olaeta plazako malda

Hainbat lani helduko diete urtea bukatu aurretik. Eta proiektu horiek onartu zituzten. Batetik dago Olaeta plazaren atzeko partean dagoen malda egonkortu beharra.

Malda horrek, baina, jabego pribatua du, eta orain arte ezin izan dute jabeekin harremanik izan. Proiektua dagoeneko eginda dutenean eta batzordean onartuta lan horiei lehenbailehen heltzea, maldaren jabe nagusiaren deia jaso zuten joan den ostiralean. Hortaz, han egin beharrekoak jabeekin negoziatu beharko dituzte baina proiektua atzo onartu zuten aho batez.

Luis Ezeiza ikastetxean ere egingo dituzte lanak. Hainbat konponketa lehenbailehen egin beharrekoak dira, itoginak estali esaterako, eta Hezkuntza Sailak onartu egin die egindako diru-laguntza eskaera. Hala ere, eskatzen du Udalak ere diru-partida bat izatea lan horietarako eta atzo, hain zuzen hori onartu zuten. Lan hauek, irailean ikaslean itzuli aurretik bukatu gura dituzte.

Eta kanposantua berritzeko lanak ere udazkenean hasiko dituzte. Hiru fasetan egiten egiteko asmoa izan arren hasiera baten, azkenean lehen bi faseei batera helduko diete eta horretarako 16.000 euro gehitu dituzte.

Babesa Leintz Gatzagako gela desplazatuari

Bukatzeko, Leintz Gatzagako gela desplazatuari babesa erakutsi zioten aho batez. Mozioa aurkeztu zuten besteak beste, Gatzagako Gurel guraso elkarteak eskatuta, eta alkateak azaldu zuen Hezkuntza Sailarekin harremanetan daudela kontua bideratu nahian.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak