Aste bukaera honetan Gipuzkoa eta Bizkaiko baserritarrek euren baserrietako ateak zabalduko dituzte beren ukuiluak, baratzak eta landa-guneak ezagutzera emateko. Bertako elikagaien aldeko apustua eginaz, landa-guneari balorea emateko, barnealdeko zonaldetako turismoa sustatzeko eta nola ez, baserritarrek ekoizten dituzten elikagaiak dastatzeko aukera izango da.
Egubakoitzean, Eskoriatzako Agarre Goikoa baserria ezagutuko dute bisitariek, eta zapatuan, berriz, Oñatiko Gomiztegi bisitatzeko aukera izango da. Agarre baserrian, larre behiak eta basogintza ezagutuko dute batez ere, eta Gomiztegin, berriz, ardiak eta gazta.
Paisaia eta bertako produktuak ezagutzera
Agarre Goiko baserriko Javier Villarrek bere baserriko ateak irekiko ditu egubakoitzean, eta ekimenarekin bat eginez zer erakutsiko duen adierazi du. "Ardiak, ganadua, pinudiak… eta ekoizten ditugun produktuak erakutsiko diegu kaletik datozenei".
Baserritarren eta kalean bizi direnen pentsamoldea ezberdina dela azaldu du Javier Villarrek, eta bertako produktuak kontsumitzeak duen garrantzia azpimarratu du. "Paisaia erakusteaz gain, bertako produktuak aurrera ateratzeko egin behar den lana nolakoa den ere azalduko diegu…"
'Ongi Etorri Baserrira!' ekimena indarra hartzen
2014an, hasitako ekimen honek hiru urtetan indar asko hartu du, eta aurtengo edizioan, 500 pertsonatik gorak eman dute izena Ongi Etorri Baserrira! ekimenean. Hala, baserriko bizitza ezagutu nahi duenak izena eman ahalko du www.ongietorribaserrira.eus webgunean.