Gustu guztiak asetzeko eskaintza zabala Errekan Gora jaialdian

Imanol Beloki Unamuno 2016ko eka. 22a, 15:25

Le Touquet Quartet, Izaki Gardenak, Maialen Errotabehere, Big Band Berri eta Belako taldeak osatzen dute aurtengo Errekan Gora kartela. Uztaileko aste bukaeretan banatuta izango dira kontzertuak herriko txoko ezberdinetan.

Eskoriatzako Atxorrotx Kultur Elkarteak antolatutako Errekan Gora egitasmoak bederatzi urte beteko ditu aurten, eta egitarau zabala prestatu dute aurten ere. 2008an sortutako ekimen hau aurrera eramatearekin "pozik" agertu dira Atxorrotx Kultur Elkartekoak gaur eman duten prentsaurrekoan, eta ekimenak duen garrantzia azpimarratu dute.

"Harro eta pozik gaude ekitaldia errotzea eta urtero-urtero aurrera eramatea lortu dugulako. Harro ere gaude, dagoeneko hiru udalbatza ezberdinekin topatu garelako eta denek ekimen hau bultzatu dutelako. bakoitzak bere exijentziekin, baina esan behar dugu denak jabetu direla Errekan Gorak duen garrantzia, indarra eta eragina gure herrian, eta baita bailaran ere" adierazi du Juan Luis Zubizarreta, Atxorrotx Kultur Elkarteko lehendakariak.

Bost emanaldi guztira

Guztira bost kontzertu izango dira Errekan Goran:

  • Uztailaren 8an, Le Touquet Quartet Kataluniatik etorritako laukotea izango da Zaldibar antzokian.
  • Uztailaren 15ean, berriz, Izaki Gardenak taldea Gernika plazan izango da, pop-rock doinuekin.
  • Uztailaren 16an, iparraldetik etorriko da Maialen Errotabehere soul eta pop-rock doinuak eskainiz, eta hau, Zaldibar antzoki kanpoko plazatxoan izango da.
  • Uztailaren 22an, berriz, Big Band Berri taldea Gasteizetik etorriko da funk-jazz-a ekarriz, eta talde honek Txistularien Arratian eskainiko du emanaldia.
  • Azkenik, uztailaren 23an, talde izarra izango da Huheziko klaustroan. Belako taldea, Estatu mailan eta Europan biran ari den talde mungiarra da, eta Euskal Herrian joko duten kontzertu bakarrenetakoa izango da.

Eskerrak Udalari eta babesleei

Hala, Udalari eta babesle guztiei eskerrak eman diote, beraien laguntza barik ezingo zutelako aurrera atera egitasmo hau. Bestalde, datorren urtera begira, esku artean asmo berriak dituztela adieraziz amaitu dute prentsaurrekoa.

"Datorren urtean hamargarren edizioa denez, esperantza handia dugu edizio borobila lortzeko. Herriko auzoetara berriro eramatea, beste urte batzuetan egin dugun moduan, eta beste mota bateko ikuskizunak egitea. Beraz, datorren urterako asmo berriak ditugu esku artean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak