Eskoriatzako txosna batzordeak lanak banatu eta antolatzeko batzarra egin du

Maider Arregi 2016ko eka. 22a, 15:00

Eskoriatzako txosna batzordeak atzo egin zuen batzarra. Izan ere, Udalak bete beharreko baldintzen berri gutun bidez eman die. Eta orain, ardurak banatu eta egiteko dutena zehaztu behar dute Udalaren baldintzak betetzeko. Eskoriatzako Udaletik diote ez direla aparteko baldintzak, urtero bete behar diren arauak eta segurtasun neurriak direla, baizik.

Txosna aurrera eramateko, erabakiak hartzeko eta ardurak banatzeko bilera egin zuten atzo Eskoriatzako txosna batzordeko kideek. Izan ere, Eskoriatzako Udalak arau batzuk bete behar dituztela jakinarazi dietela gutun bidez azaldu dute. Eta ondorioz, kontuan ez zuten zenbait gasturen ardura izan behar dutela diote: aseguruarena, esaterako.

Udaletik diote, asegurua urteroko kontua dela eta derrigor bete beharreko araua dela edozein tabernatan bezala. Puri Regidor Eskoriatzako kultura zinegotziak gaineratu du, Udalak bidalitako gutunean eskatzen diren bete beharreko baldintzak urtero eskatzen direnak direla; eta ez dela kontu berria.

Bestalde, txosna batzordetik azaldu dute aurrez, San Pedroen gaineko batzarrak egin direla Udalarekin eta bertan adostutako zenbait gai ez direla egitarau ofizialea argitaratu; aldaketak izan dituela alegia. Egitarautik kanpo geratu da esaterako, urtero Euskal preso eta iheslarien alde egiten den manifestazioa.

Kultura zinegotziak argitu gura izan du ez zaiela inondik inora manifestazioa egiteko debekurik egin. Libre direla askatasun osoz gainera manifestazioa egiteko. Era berean azpimarratu gura izan du, kultura egitarauan gai politikoa daukan ezer ez agertzeko erabakia duela Udalak.

Gaineratu du Puri Regidorrek edozein tabernatan bezala, zarata ordu batetik aurrera jaisten joan beharra dagoela eta zerbait gertatuz gero bozeramaile bat egon beharra dagoela; hori ez dela arduraduna izango, bitartekaria baizik.

Udalak gainera txosnak %100eko 100ean babestuko eta bultzatuko dituela; bai ekonomikoki eta baita ere azpiegiturari dagozkien lanekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak