San Pedro jaiak ate joka daudela, jaietako ekintzetan parte-hartzera animatzeko eskatuz hasi zuen eguaztenean ekaineko ez ohiko bilkura Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkateak. San Pedro jaietako txupinazora, danborradetara, elizara eta jaien amaiera… joateko animatu zituen udalbatza osatzen duten zinegotziak.
Ondasun Higiezinen gaineko zergak onartuta
Bestalde, aho batez onartu ziren tratatu zituzten gai guztiak, eta aipatzekoak; 2017rako Ondasun Higiezinen gaineko zergak onartzea (OHZ) eta EH Bilduk Mandela Arauei buruz aurkeztutako mozioa onartzea izan ziren, besteak beste.
Zergen igoerak eta jaitsierak izango dituzte herritarrek, baina "igoerak ez direla oso nabarmenak izango", adierazi zuen alkateak. Datorren urtean aplikatuko da zerga hau, eta irailetik aurrera jakinaraziko die diputazioak biztanle bakoitzari datorren urterako aurreikusten dutena.
Inguruko herriekin kontrastatuta, denek helburu berdina dutela adierazi zuen alkateak: "Igoera batez beste ehuneko 3koa izango da, baina lehen hamar jasotzen bagenuen hamar jasotzea izango da helburua."
Mandela Arauak onartuta
Aho batez onartu zen, bestalde, Elizateen abstentzioarekin; presoek duintasuna izatea, isolamenduak, eta tratu iraingarriak alboratzea, eta presoak gizartetik gertu egon daitezen errespetatzea.
Hala, Udalak, Nazio Batuek onetsitako presoak tratatzeko oinarrizko arauekin bat egin zuen, eta Nazio Batuen gomendioa jarraituz, uztailaren 18a presoen eskubideen aldeko Mandela Eguna aintzat hartzea erabaki zuten.