San Pedro jaiak 2016

Eskoriatzako San Pedro jaietako aplikazioa aurkeztu dute

Amaia Txintxurreta 2016ko eka. 15a, 15:24

Hilaren 28an hasiko dituzte festak eta ohiko hitzorduak mantendu dituzte. Berrikuntza moduan, aurten jaietako aplikazioa sortu dute, modu errazean eta doan mugikorrera deskargatu daitekeena.

Eskoriatzako San Pedro jaiak hilaren 28an, arratsaldeko 19:00etan emango den txupinazoarekin eta pregoiarekin hasiko dira. Aurten Arizmendi ikastolako Almen gunekoek jaurtiko dute txupina eta hortik aurrera festak hartuko du herria uztailaren 1era bitartean.

Egitaraua

Berrikuntza bezala, San Pedro egunean ohiko goi mailako esku pilota partiduaz gain, estreinakoz herriko Aritz Zubia eta Amets Eraña gaztetxo pilotariek lau t´erdian jokatuko dute egun horretan.

Aurtengo jaietako beste berrikuntzetako bat da egunero izango direla buruhandiak, umeek hala eskatuta, haurren danborrada egunean, hau da, hilaren 30ean izan ezik.

Badaude bestelako nobedadeak ere. Gorosarri plazan egingo diren ikuskizunetan, esaterako, hilaren 29an umorezko bi bakarrizketa izango dira eta hurrengo egunean Begiradak dantzan izeneko emanaldiaz gozatu ahal izango da.

Herri bazkariari dagokionez, asmoa da Fernando Eskoriatza plazan egitea. Eta txartelak hilaren 23ra bitartean eskuratu ahal izango dira. Menu bera erabiliko da aurten helduendako zein umeendako, nahiz eta umeen menuko prezioa baxuagoa izan.

Egitarauak asteburuan iritsiko dira etxe guztietara eta 47.500 euro inguruko aurrekontua dute.

Txosnetan

Txosnek, bestetik, egitarau propioa izango dute orain arte bezala, eta hilaren 28an 18:00etan hasiko da han festa. Bikote jokoa egingo da adibidez egun horretan, gauerdian, eta besteak beste, kuadrilla egunean, bazkaria edota kuadrilla jokoak egingo dituzte.

Jaien aplikazioa mugikorrean

Goizean udaletxean egindako prentsaurrekoan, mugikorretara deskargatzeko sortu berria den jaietako aplikazioa ere aurkeztu dute. Doan eta oso modu errazean jaitsi daiteke Udaleko webgunetik, jaietako egitarauko QR kodetik, edota Android mugikorretan Play Storetik, ala Apple, mugikorretan IOSetik, Eskoriatza jarrita.

Aplikazioan jaietako egitaraua euskaraz eta gaztelaniaz dago. Egunez egun eta kategoriaka dago antolatuta, eta ekitaldi bakoitzean klikatuta, horri buruzko xehetasunak agertzen dira. Gainera, herritarrek ekitaldiei buruzko iritzia emateko aukera daukate bertan, eta hori erabiltzearen garrantzia azpimarratu du kultura teknikariak.

Azken momentuko oharrak ere jakinaraziko dituzte aplikazioaren bitartez: eguraldiagatik ekintzaren bat tokiz aldatu behar bada edo ordutegian aldaketaren bat baldin badago, adibidez.

Eta jaietan ateratako argazkiak aplikazioko argazki galerian agertzeko aukera ere izango dute herritarrek, eta bi modutatik bidali ahal izango dituzte argazkiak: alde batetik, Twitterretik #sp2016tza idatzita edo Whatsappez 650 49 51 66ra argazkiak bidalita.

 EGITARAU OSOA PDF-an

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak