Lanak erabat amaituta, bihar irekiko dute AP1eko Eskoriatzako zatia

Eneko Azkarate 2016ko eka. 9a, 14:08

Bihar, egubakoitza, arratsalde-gauean, erabat lehengoratuko da zirkulazioa AP-1 autobidean (120 KP), Eskoriatzan. Hortaz, amaitu egingo dira 2015eko martxoaren 5ean erori zen mazela egonkortzeko lanak, Gasteizko noranzkoan galtzada erabat ixtea eragin zutenak.

Geroztik, atsedenik gabe aritu dira lanean premiazko egoera hori konpontzeko. Hasiera batean, mikro-pilotezko hiru pantaila egitea proiektatu zen, garaiera desberdinetan, luizia izandako ezponda egonkortzeko.

Hiru lerradura

Uztailaren 8an beste lerradura bat geratu zenez, obraren arduradunek ezpondan hainbat gailu jarri behar izan zituzten, "uneoro ezponda kontrolatzeko, eta irizpide geoteknikoen arabera aldaketak egiteko" Foru Aldunditik adierazi dutenez. Joan den urtearen amaieran, azaroaren 27an, lanak amaituko zirela ematen zuenean, hirugarren lerradura bat gertatu zen, astebete luzez, euri erausiak izan ostean; horren ondorioz, beheko pantaila hautsi egin zen, 70 metroan, eta horrek arriskuan jarri zuen tarteko pantailaren egonkortasuna.

Une horretan, Diputazioak, 2015eko martxoan, obra hasi zenean, planteatutako soluzioa berraztertzea erabaki zuen eta zuzendaritza geoteknikoa aldatuz obrarentzat soluzio sendoagoa bilatzea, "pantailen diseinuan aldaketak eginez".

Bide Azpiegitura diputatu Aintzane Oiarbidek adierazi du lehentasuna obra honetan, beti, "langileen eta AP-1eko erabiltzaileen segurtasuna bermatzea" izan dela eta, era berean, "ezegonkortasun arazo hori konpondu eta trafikoa behin betiko normaltzea".

Beste geologo bat

Azken lerraduraren ondoren, Diputazioak hasieran planteatu ziren obraren parametro guztiak erabat errebisatzea erabaki zuen eta Jose Maria Rodriguez Ortiz jauna, Geologian eta Geoteknian katedraduna, eta ezpondetan aditua, kontratatu zuen egoeraren diagnosia egin zezan eta beharrezko soluzioak proposa zitzan.

"Urgentzia handiz" ekin zitzaien lanei erortzeko arriskuan zegoen tarteko pantaila finkatzeko, Diputaziotik adierazi dutenez. "Lanak zailak eta garestiak izan dira, langileen segurtasuna arriskuan ez jartzeko". Horretaz gain, ezponda behin betiko egonkortzeko, lan gehiago proiektatu ziren: 2015eko azaroaren 27an, lerratutako ezpondaren azpiko aldea josi zen, eta zimendatutako hormigoizko horma bat egin zen lerroen gainean, ezpondaren oinean. Lan horiek osatzeko, ezponda drainatu da, zorua berregin, eta euste-sistemak eta seinaleak jarri dira.

Mendiaren malda berriro berdatzeko jarduera paisajistiko batzuk falta dira baina lan horiek ez dute trafikoan inolako eraginik izango Foru Aldunditik adierazi dutenez.

Aintzane Oiarbide diputatua gustura agertu da arazo horri irtenbide sendoa eman eta, "erabiltzaileentzat, AP-1 autobidea bere osotasunean zabaltzea" lortu delako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak