Eskoriatzako kaleetan goizean goizetik igarri da gaurkoa egun berezia zela. Eskoriatzako Ferixie ospatu dute, aurten gainera 20. urtez. Urtero moduan, artisau, nekazari eta bestelako postuak jarri dituzte herriko erdigunean. Amaia Arrieta antolatzaileak adierazi du 100 bat postu jarri dituztela: "Leku askotatik etorritakoak dira, 100 bat postu. Horrez gain, talo postua ere badago eta baita txorimalo lehiaketa ere".
Arizmendi Ikastolako irakasle, guraso eta aiton-amonak ibili dira taloak egiten, eta baita Eskoriatzako betiko talogileak ere; goizean goizetik ilara luzeak sortu dira taloak erosteko. "Martxa handiarekin gabiltza goizetik. Uste genuen eguraldia tarteko gaur lasai ibiliko ginela baina ez da hala izan", dio Arrietak.
Txorimalo lehiaketa
Gaztetxoei zuzenduta txorimalo lehiaketa ere egin dute –Jose Arana guneko nagusienek eta Almeneko lehenengo zikloko ikasleek parte hartu dute–. Irabazleak izan dira:
- Haurren sailean: Tutifruti taldea: Haizea Duadikoetxea, Libe Agirre, Nahia Agirre eta Paula Calvo.
- Nagusien laguntzarekin egindako sailean: Joxe Mari Zapatari taldea: Maren, Maialen, Naroa, Naia, Enara eta June.
- Bereziena saria: Motorreroa taldea: Enaitz Testa, Iker Vicente, Haitz Berjano eta Aimar Vitoria.
Zozketako zenbaki saritua
Azokan parte hartu duten postuetako produktuekin osatutako otarra zozkatu dute antolatzaileek. Zenbaki sarituak izan dira: lehenengo saria: 0810 –ordezko zenbakia 3020–; eta bigarren saria: 3150 –ordezko zenbakia 0831–.
Almeneko urteurrenarekin bat
Ferixiak eta Almeneko 50. urteurreneko jaiak bat egin dute gaurkoan, Hala, bazkaria goian egin dute eta autobusak jarri dituzte Intxaurtxuetatik Almenera igotzeko. "Fusio antzeko bat egin dugu ikastolako jai handia ospatzeko. Bazkaria Almenen egin dugu; 500 bat bazkari txartel saldu dira, eta horrez gain, ogitartekoak jan dutenak edo etxean egindako jana eraman dutenak ere egon dira", azaldu du Arrietak.