Aurkeztu dute ekainaren 18an, zapatua, egingo den Gabez takarraran lasterketa. Udalak eta kirol elkarteak antolatzen dute elkarlanean, eta aurtengoa seigarren edizioa izango da honezkero. "Urtetik urtera errotu egin den karrera bat dela uste dugu", azaldu du antolaketa taldeko Iñaki Uribetxeberriak. Era berean, azpimarratu du Euskal Herrian egiten den lehenengo gaueko lasterketa izan dela, eta gerora beste herri batzuetara zabaldu dela.
Uribetxeberriak azaldu du ekimenak hiru helburu nagusi dituela: "banakako kirolaren baloreak zabaltzea, herrian giroa sortzea eta kanpotarrei gure herria ezagutaraztea". Nabarmendu du urteotan pixkanaka joan direla helburuok betetzen.
Datu teknikoak
Gabez takarraran lasterketaren ibilbideak Eskoriatza "bere osotasunean" zeharkatuko duela azaldu zuten antolatzaileek. Herriko plazan hasi eta bukatuko da, eta Asensio, Atxorrotx, Makatzgain eta Lexargaratetik igaroko da. 23:00etan aterako dira korrikalariak. Ibilbidean zehar sei anoa puntu izango dira.
Ibilbidearen luzerari dagokionez, 23,2 kilometro izango ditu, 12000 metroko goranzko igoera metatuarekin.
Gazteen kategoriari dagokionean, horiek Asensio inguruan egingo dute ibilbidea, bederatzi kilometro ingurukoa. Bereziki animatu dituzte gazteak parte hartzera.
Zerbitzuak
"Kanpotik datozenei lasterketa erakargarriago egiteko" hainbat zerbitzu eskainiko ditu antolakuntzak. Hala, lasterketaren aurretik parte hartzaileentzat afaria izango da Herriko Plazan, eta amaieran, berriz, luntxa. Aparkalekua ere ahalbidetuko dute parte hartzaileentzat. Gainera, kiroldegian dutxatzeko aukera izango da.
Bestalde, parte hartzaile guztiek opariak jasoko dituzte babesleen eskutik: Ibarraundirako sarrerak, herriko produktuez osatutako otarra eta Arc'teryx etxeko opariak.
Izen ematea
Korrikalariek ekainaren 15era arte izango dute Gabez Takarraranen izena emateko aukera. Internet bidez egin daiteke, www.eskoriatzagabeztakarraran.com helbidean.