Arizmendi ikastolan eraldaketa baterako urratsak egiten ari dira, eta urrats horietako bat eraikinen arkitektura, pedagogiaren zerbitzura jartzea da. Hala, espazio zabalagoa jarrita, umeen beharrak hobeto errespetatuko diren asmoarekin.
Eraikinaren ondarea errespetatuz
"Arizmendiko Haur Hezkuntzako azken gunea gara obra egingo duguna. Eraikin hau ondare bat da, XIX. mende hasierako margoak ditu… eta horregatik obra egiterakoan ondarea errespetatu beharko dugu" adierazi du Amaia Arrieta Jose Arana guneko arduradunak.
Obren nondik-norakoak
Alde batetik, espazioak zabalduko dituzte, adinen arteko interkomunikazioa bermatzeko, eta umeek libreki aukeratu dezaten, non eta norekin egon nahi duten. Bestalde, hiru dimentsioko estrukturak jarriko dituzte, adin horietan hain garrantzitsua den motor osasuntsua laguntzeko.
Deskantsu eta aktibitate momentuak errespetatzeko, imaginarium edo lasaitasunerako txokoak jarriko dituzte eta azkenik, guraso txokoa sortuko dute, sarrera irteerak modu egokiago baten egin ahal izateko.
Modulu aurrefabrikatuetara laster
Jose Arana ikastolako obrak uztailaren 4an hasiko dira, baina ekaina bukaeran modulu aurrefabrikatuetara joango dira. Aurreikuspenen arabera, Gabonetan bueltatuko dira Jose Arana egoitzara.
Guztira, 130 ume inguru eta irakasle lan-taldea joango da modulu aurrefabrikatuetara obrak iraun bitartean.