Atxorrotx Kultur Elkartearen Eguna ospatu zuten zapatuan, Eskoriatzan, hamaikagarrenez. Eguna espero bezala joan dela onartu du Juan Luis Zubizarreta elkarteko kideak eta oso gustura azaldu da. "Oso ondo joan da eguna. Hasieran eguraldiak arazo batzuk eragin dizkigu, puzgarriak prestatzerako orduan. Hala ere, hobera egin du eguraldiak eta eguna primeran joan da", adierazi du.
Herriak emandako erantzuna primerakoa izan zela eta egun arrakastasua izan zela nabarmendu du Zubizarretak. "Egun handia da guretzako eta herriak erantzuten duela ikusten dugu. Azken finean, gure helburua hori da, guk herritarrendako lan egiten dugu eta hauen erantzuna positiboa da", dio.
Adin guztietako jendearentzako ekintza ugari izan dituzte egunean zehar: Puzgarriak eta jolasak; talo eta sagardo dastaketa; 70 herritar batu dituen herri bazkaria; Irrien Lagunen eskutik arratsaldean egon zen ikuskizuna eta abar.
Atxorrotx elkartea momentu onean dagoela eta etorkizuna bermatuta duela dio elkarteko kideak. "Aspalditik ari gara lanean. Uste dut indartuta gaudela eta etorkizun ona eta positiboa ikusten diot elkarteari. Lan handia egiten dugu eta herrian errotuta dago elkartea. Gainera, gurea bezalako talde bat beharrezkoa ikusten dut herrian, eta hori horrela izan dadin, gure onena ematen jarraituko dugu", onartu du.
Hurrengo erronka nagusia uztailean dela azaldu du Zubizarretak, Errekan Gora jaialdia, hain zuzen. Ordurako dena lotuta dutela eta horri ere aurre egiteko prest daudela azpimarratu du.