Txirrindularitza giro polita bizi izan zuen atzo arratsaldean Eskoriatzak, Emakumeen Birako lehenengo etaparen hasiera eta amaierarekin. Behin taldeen aurkezpena eginda, irteerara abiatu ziren txirrindulari denak, eta Joxerra Zubizarreta alkatea buru zinta moztuta abiatu zen tropela. Ziklistak lanera eta baita 60tik gora eskoriatzar ere, askotariko boluntario lanetan.
Oñatitik joan-etorria egin eta Aretxabaletara iristean ume pila bat zituzten zain txirrindulariek Durana kalean. Jende asko batu zuen atzo Emakumeen Birako etapak, batez ere Eskoriatzan.
Untzillako gaina gainditu eta helmuga aurretik beste behin ere izan zuten zaleek txirrindulariak ikusteko aukera. Eta zaleak gustura, egunero ez da izaten maila honetako txirrindularitza herrian bertan ikusteko aukera.
Eta bai asmatu ere. Arlabanen gora ihes egin eta Carmen Smallekin esprintean Emma Johansson suediarra nagusitu zen helmugan. Johanssonentzat etapa, lidergoa Smallentzat.