Iurretako aurkezpenean Maite Uribe kirol arduraduna eta Joserra Zubizarreta alkatea izan dira Eskoriatzako Udaletik ordezkari moduan, eta Emakumeen Biraren nondik-norakoak entzun ondoren, "ilusioz" agertu dira lehen etapa Eskoriatzan egingo delako. Izan ere: "Urte dezente dira Eskoriatzan ez dela lasterketarik egin, eta hain maila handiko lasterketa, berriz, herrira ekartzea poztekoa da" adierazi du alkateak.
Aurten, inoizko parte-hartze handiena
Ibilbide orokorra Eskoriatza eta Oñati bitartekoa izango da, eta irteera neutralizatua 15:30ean izango da herriko plazan. Ondoren, bost aldiz pasako da herrigunetik eta 17:30ak inguruan iritsiko dira herriko plaza parean egongo den helmugara. Gainera, XXIX. edizioan 23 talde izango dira lehiatzen, inoiz baino parte-hartze handiagoa izango duena, guztira 210 txirrindulari inguru. Beste urte batzuetan 12-13 talde inguru izan dira, eta beraz, sorpresa ona jaso dute antolatzaileek.
Herritarrei pazientzia eskatuz
Eskoriatzako Udalak antolaketa lanetan dihardu herriko txirrinduzale eta elkarteekin, eta bertan laguntzeko borondatea duen edonork izena eman ahal izango du emakumeenbira@eskoriatza.eus helbidean. Froga dagoen bitartean, herria itxita egongo da, eta "pazientzia" eskatu gura izan du alkateak.
Bestalde, hainbat aldaketa egingo dira egunerako, adibidez, Jose Arana kaleko egurrak kendu egingo dira, irteera eta helmuga gunean leku gehiago izateko. Huheziko aparkalekua ere hustu egingo da, Hotel ondoko aparkalekua ere itxi egingo da…
Eskoriatza eta txirrindularitza erakusketa
Apirilaren 14erako ia antolaketa guztia prestatuta egon arren, aste honetan prentsaurrekoa egingo da azken zehaztasunak jakinarazteko. Alkateak adierazi du sorpresa ere jasoko dutela bira egingo den astean, herriko hainbatek. Izan ere, Ibarraundi museoan, Eskoriatza eta txirrindularitza erakusketa egingo da. "Herrian zaletasun handia dago txirrindularitzarekiko, eta nahiko interesgarria eta ikusgarria izango da."
Maite Uribe Eskoriatzako kirol arduraduna akordioa sinatzen. Argazkia: Joserra Zubizarreta