Bernabe Errastiren jabetzatik Mazmelarako bideraino doan bide zatiaren espedienteari hasiera ematea erabaki zuten. Bidea publikoa den edo ez jakiteko epaileak udaletxea behartu du ikerketa zabaltzera, eta horretarako alderdi bakoitzeko ordezkari banak eta idazkariak batzorde bat osatuko dute.
Joserra Zubizarreta alkatearen esanetan: "Horrelako prozesu bat egin ahal izateko gutxienez bi edo hiru motako dokumentazioa behar izaten da. Bat, ahozkoa, nahiz-eta dagoeneko zortzi urte pasa, jende nagusiak aitortu beharko du bide horren erabilera, gero, dokumentazio idatzia, eta azkenik grafikoa. Baina hori jabe bakoitzak edo interesa duenak aurkeztu beharko luke egoera horren berri emateko".
Emakumeen Euskal Bira
Emakumeen Euskal Biraren inguruan, Mankomunitateak hartutako erabakia berretsi du Udalak. Diru kontuak izan zituzten hizpide, izan ere Emakumeen Bira bere horretan egiteak, edo World Tour gorengo mailako bira bada, prezioa ezberdina izango da.
"%50a antolatzen duen herriak jarri beharko luke, beste %50etik meta bolantea (tarteko muga) badago, adibidez gaur egun, 1.000 euroko ekarpena jarri behar da, baina World Tourrera pasatuko balitz 1.500 euroko ekarpena izango litzake…" adierazi du Joserra Zubizarreta alkateak.
Apirilaren 14ean lehen etapa Eskoriatzan
Apirilaren 14ean hasiko da Eskoriatzan Emakumeen Birako lehenengo etapa, eta 76,6 kilometro izango ditu. Zehazteko dagoen arren, herrian hainbat aldaketa egingo dira, adibidez, Jose Arana kaleko egurrak egunerako kendu egingo dira, besteak beste.