EH Bilduk gaia Legebiltzarrera eramanda, EAEn Elizak bere izenean jarritako ondasunen zerrenda eskatu zuten EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk joan den ekainean eta iritsi da zerrenda.
EH Bilduko legebiltzarkide Maider Otamendiren hitzetan, Elizak erregistrook legearen barruan egin dituen arren, zalantzak eragiten ditu bidezkotasunari dagokionez, historian zehar izan dituen lege pribilegio batzuez baliatu delako, jabetza demostratu barik, hainbat ondasun bere izenean jartzeko. Horregatik, ondasun horiek guztiak benetan Elizari dagozkion argitzea gura dute, baina garbi utzi nahi izan dute, aldi berean, ez dela Elizaren kontrako ekimen bat.
Legebiltzarrera eta udaletara
Legez besteko proposamena aurkeztu dute Legebiltzarrean, gaia aztertua izan dadin osoko bilkuran; eta mozioak aurkeztuko dituzte herrietan. Immatrikulatutako ondasunak 1978ko Konstituzioa onartu baino lehenagoko egoerara itzul daitezen egingo dute lan, ondasun bakoitzaren egoera banan-banan aztertu eta Elizari edo nori dagokion argitzeko.