Eskoriatzako osoko bilkuren aretoa jendez beteta izan zen atzo, eta tentsio handia izan zen. Mahai gainean, gai bakarra: oposizioak, hondakinen inguruan aurkeztutako mozioa alegia. Zera eskatzen zioten Udal Gobernuari: Demokratikoki aukeratutako hondakinen gaikako bilketa sistema jasangarri baten aldeko konpromisoa adieraztea, eta hondakinen prebentziorako tokiko plan bat egitea.
Aitor Zubizarretak EH Bilduko zinegotziak mozioa “egoeraren ondorio bat” dela azaldu zuen, eta informazio ezagatik aurkeztu dutela esplikatu.
Joserra Zubizarreta alkateak, berriz, azpimarratu zuen adostasuna lortzeko inolako ahaleginik egin bako moziorik ez dutela onartuko eta horixe izan dela, besteak beste, kontra bozkatzeko arrazoia.
Mozioko puntu bat kenduta
Mozioa puntuz puntu bozkatzeko planteamendua egin arren, ez zen proposamena onartu, eta bere osotasunean bozkatu zuten. Hori bai, aldez aurretik, mozioak zituen bost puntuetako bat kendu egin zuten, kasu horretan, Udal idazkariaren puntualizazio batek eraginda.
Izan ere, puntu horrek adierazten zuen, herri galdeketa egin arren, bertan ateratzen den emaitzak ez duela eraginik izango elizateetan; bestela esanda, elizateetan gaur egun hondakinak batzeko duten sistemarekin jarraituko luketela, herri galdeketako emaitza aintzat hartzeke. Eskaera hori egiteko emandako arrazoia izan da bertan darabilten sistemak oso emaitza onak ematen dituela, oposizioaren esanetan.
Edozein modutan, hain zuzen, puntu horren bueltan sortutako eztabaidak ekarri zuen hasiera batean mozioa babestu zuen Elizateetako ordezkariak ere, mozioaren kontra bozkatu izana. Eta horren harira, eta ikusitakoak ikusita, Rafa Bernalek, Irabazi koalizioko ordezkariak bere desengainua eta etsipena adierazi ditu, azpimarratuz agerian geratu dela guztiaren gainetik politika dagoela.
Tentsioa bilkura aretoan
Esandako moduan, tentsio handiko osoko bilkura izan zen atzokoa. Bilkura aretoan batu zierenen artean ere tira-bira handiak ikusi ziren. Edozein modutan, eta kontuak kontu, Udal Gobernuak azaroaren 29ko herri galdeketarekin aurrera egingo du.