Hiri-berritze plana landuko du herritarrekin Eskoriatzako Udalak

Mirari Altube Arrese 2015ko urr. 13a, 14:45

Herriko auzo eta elizateetako hiri-altzari, zerbitzu eta azpiegiturak hobetzeko, herriko irisgarritasun eta mugikortasun arazoak konpontzeko eta eremu atseginagoak sortzeko asmoarekin ekimena jarri gura du abian Eskoriatzako Udalak. Horren berri eman du gaur, eta datozen asteotan bi bilera ireki egingo ditu herritarrekin.

"Hauteskundeetan agindutakoa betez jarriko dugu abian ekimena", jakinarazi du Joserra Zubizarreta alkateak, eta gaineratu du: "Eskoriatzarrak dira euren beharrak ondoen ezagutzen dituztenak. Horregatik, ezinbestekoa da hiri-berritze plan horretan guztiak inplikatzea".

Etxe guztietara bidaliko duten esku-orri baten bitartez, Udalak herritar guztiak deituko ditu antolatu dituzten bi bilera irekietan parte hartzera. Herria bi gunetan banatu dute eta bilera bakoitzean gune horren gainean egingo dute berba.

Bilerak

Lehenengo bilera urriaren 19an, astelehena, 19:00etan izango da Ibarraundi museoan. Gellao, Mendiola, Apotzaga, Bolibar eta Lete elizateetako eta Intxaurtxueta, San Pedro, Gastanadui, Gorosarri plaza eta Santa Ana auzoko biztanleak elkartuko dira.

Bigarren bilera, ostera, urriaren 21ean izango da, eguaztena, 19:00etan, Huhezin. Eta elkartuko dira Olaeta plaza, Hidalga, Arana, San Juan, Aranburuzabala eta Aingerualde kaleetako bizilagunak eta Mazmela, Marin, Zarimutz, Elorreta, Olazar eta Dorletakoak.

Gainera, Udalak gura du erretiratuen elkarteak modu aktiboan parte har dezan ekimen horretan: "Zahartze aktiborako programaren ildotik, horien ekarpenak oso baliagarriak izan daitezkeelako".

Parte hartzeko beste bide batzuk ere zabalduko ditu Udalak. Emailez honako helbidera idatzita: hiriberritzeplana@eskoriatza.eus.

Hala, eskoriatzar guztiak animatu dituzte "gogotsu" parte har dezaten: "Denon artean etorkizuneko Eskoriatza hobea eraikiko dugulako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak