Egunerokotasunean euskaraz mintzatzeko aukerarik ez dutenei, edo ohituraz, gaztelerazko harremanak egin dituztenei euskarazko harreman berriak sortzeko aukera emateko lehen hitzordua prestatu dute Eskoriatzako Berbalagunek.
Kalean egin dute lehen ekintza eta euskaraz mintzatzeko jarritako hiru mahaiak bete dituzte. Plazan izanda, herritarrei egitasmoaren berri emateko eta han ikusita gonbidapena luzatzeko asmoz prestatu dute Mintzodromoa.
Jende ezberdina batuta
Adin tarte ezberdinetako jendea, euskara maila ezberdineko jendea, Berbalagunetan parte hartzen dutenak, laguntzaile moduan, euskara praktikatu eta hobetu nahi duen jendea eta euskaltegikoak batu ziren.
Arratsalde ederra pasa zuten Mintzodromoan elkartu zirenak, batetik euskaraz mintzatzeko, eta bestetik jende berria ezagutzeko ere.
Gonbidapena luzatuz
Amaitzeko luntxa egin zuten, eta euskaraz hitz egiten jarraituz eman zioten amaiera Mintzodromoari. Gainera ekintza honez gain, urtean zehar egiten diren ekintzetan parte-hartzeko gonbidapena ere utzi zuten mahai gainean.