Lehen aukera atez atekoa izango da; bigarrena, bosgarren edukiontzia; eta hirugarren aukera, mistoa –edukiontzi kolektiboa eta indibiduala–. Galderak zeintzuk izango diren onartuta, urratsak egiten hasiko direla azaldu du Joserra Zubizarreta alkateak. Bestalde, EH Bilduko Aitor Zubizarreta zinegotziak hauxe esan zuen: "Herri galdeketa bera aprobetxatu behar da beste gai batzuekin egin daitezkeen kontsultak arautzeko".
Hitz eginda, mozioa onartuta
Bestalde, uztaileko osoko bilkuran atzera bota zen arren, moldaketa batzuk egin ostean udalbatzak onartu egin zuen Eskoriatzako Presoen Lagunak Taldearen eskariz EH Bilduk aurkeztutako mozioa. Elizateetako Iñaki Kerexeta zinegotzia abstenitu egin zen, eta gainerako guztiek alde bozkatu zuten, baita, uztailean ez bezala, EAJkoek ere. Arrazoi hau azaldu zuen alkateak mozioa onartzearen inguruan: "Gertatu dena da egon egin garela, hitz egin dugula, eta gauzak adostu ditugula".
Siriako errefuxiatuei lotutako mozio bat ere aurkeztu zuten EAJ eta Irabazi alderdiek, eta Eskoriatzako udalbatzak onartu egin zuen. Errefuxiatuak hartzea eta haiei laguntzeko aterpe hirien sarean sartzea eskatzen du mozio horrek.
Taldea eratuta, lurjabeak pozik
Beste hainbat punturen artean, aipatzekoa izan zen Aizkorri-Aratz parkea kontserbazio bereziko eremu izendatzeko egungo kudeaketa planari buruzko mozioa. Aho batez onartu zuten Eskoriatzako Elizateen Elkarteak eremu horretako lurjabe eta erabiltzaileen izenean aurkeztu zuen mozioa.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, orain, bi ordezkari bideratu ditu lurjabeekin lan egiteko, eta haiek elkarte bat eratu dute, Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko Lurjabe eta Erabiltzaile Gipuzkoarren Elkartea izenekoa. Taldeko Juan Karlos Beloki kidearen esanetan: "Elkarteak lokala behar du administrazio lanak egiteko, eta, eskaera onartuta, egoitza Eskoriatzan izango dugu".