Iaz antolatu zuten lehenengo Debagoiena-Debabarreneko Udalerri aktiboen jardunaldia Eibarren, udaletxeen eta osasun sailaren artean. Aurten, Eskoriatzan izango dira jardunaldiak hilaren 24an eta jardunaldien helburua izango da aktibitate fisikoa bultzatu eta sedentarismoa ekiditea.
Komunitate osoa gonbidatu nahi izan dute, gainera, aurten jardunaldian parte-hartzera; gizarte zerbitzuetako langileak, hirigintza edota hezkuntza alorrekoak, eta herritarrek ere parte hartuko dute jardunaldietan. Arlo horietako profesionalek, hitzaldiak eskainiko dituzte goizean goizetik hasi eta eguerdira bitartean Zaldibar antzokian, eta sare lokalen adibideak ere erakutsiko dituzte gero; esaterako, Eskolore Eskoriatzako oinezko ibilbideei buruz hitz egingo dute, eta Debako eta Ermuko esperientziak ere partekatuko dituzte.
Izena emateko
Jardunaldia doakoa izango da, baina, antolaketa lanak errazteko, izena emateko eskatu dute. Horretarako, deitu 943 20 10 74 telefonora edo idatzi esk-eibar1@euskadi.eus helbidera.
Mugikortasun Astearen barruan
Jardunaldiak Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearen barruan ospatuko dituzte, izan ere, Eskoriatzan ere hilaren 12tik 24ra bitartean ospatuko da, eta egitarau zabala prestatu dute.
Besteak beste: goitibehera eta patineteen aparkalekuak egiteko tailerra egongo da; aktiboki lanera edo ikasatetxeetara joateko ekimena ere bai; bigarren eskuko bizikleta, patinete eta kirol tresnen azoka; edota bizikleta martxa Urkulura.
Aurten zortzigarren edizioa izango da eta hori prestatzen udaletxeko hiru sail aritu dira elkarlanean: gazteria, kirol eta ingurumen sailak. Ikastetxeek eta HUHEZIk ere egin dute aportazioa, osasun sailarekin batera, eta ekintzek Aretxabaletan ere izango dute oihartzuna. Joxe Ramon Zubizarreta alkateak esan du gainera, nahiz eta ekintzak Mugikortasun Astearen barruan egin, urte osoan jarraipena izaten duela kontuak.