Presoen aldeko mozioa eta auzo-konposta gunea eztabaidagai, Eskoriatzan

Ubane Madera 2015ko uzt. 29a, 14:04

Gai-zerrenda mardula izan arren, arin eta ia eztabaidarik gabe joan zen atzoko osoko bilkura Eskoriatzan. Eztabaida bi puntuk eragin zuten: Eskoriatzako Presoen Lagunak taldearen izenean EH Bilduk aurkeztutako mozioak eta Eskoriatzako auzo-konposta guneetako bat erretiratu izanak. Mozioa ez zen onartu, eta auzo-konposta guneari dagokionez, Eskoriatzako Udalak konpromisoa adierazi zuen opor ostean auzo-konposterako gune berri bat egokitzeko.

Presoen aldeko mozioa ez zen onartu, EAJko bost zinegotziek kontra bozkatu zutelako eta Irabazi alderdiko eta Elizateetako ordezkariak abstenitu egin zirelako.

Mozioan, besteak beste, salatu gura zuten "euskal gizartea konponbidearen aitzinean urrats garrantzitsuak ematen ari den arren, Espainiar eta Frantziar Estatuek egoera lehengoan mantentzeko saiakera itsuan jarraitzen dutela". Eta salatu gura zuten, baita ere, "gorroto eta mendeku politikaren ondorioek egunero bizi direla herrian ere" eta horren adibide dela "uztailaren 6an lau eskoriatzar Espainiako Audientzia Nazionalean deklaratzera" deitu zituztela.

Madrilera deklaratzera

Horrekin batera, "Euskal herritarren aurka behin eta berriz erabili den eta erabiltzen den tortura" salatu eta eta horren kontrako"neurriak hartzeko eta tortura salaketak ikertuak eta epaituak" izateko eskatu zuten. Baita ere, babesa adieraztea "Guenetxea-Iparragirretar senideari", izan ere, familiako 80 urte pasako ama (Marisol Iparragirre presoarena) da, besteak beste, Madrilera deklaratzera joateko deitu dutenetako bat.

Hizkuntzarengatik

Esandako moduan, baina, mozioa ez zen onartu. Kontra bozkatzearen arrazoiari dagokionez, Joserra Zubizarreta alkateak esplikatu du mozioan erabilitako hizkuntzarengatik izan zela. Ildo beretik, egoera aldatu egin dela azpimarratu du Zubizarretak eta pedagogia beharra adierazi du; eta gaineratu du pausoak emateko prest dauden arren, hizkuntza aldaketa ere gauzatu beharko litzatekeela.

Auzo-konposta gunea erretiratuta

Bestalde, osoko bilkuren aretora bertaratutakoen arteko eztabaida eragin zuen beste puntuetako bat Aranburuzabala-Olaeta inguruko auzo-konposta gunea erretiratu izana izan zen.

Herritar batek horren gaineko kexua helarazi zuen osoko bilkuran bertan. Eta hari erantzunez, Joserra Zubizarreta alkateak esplikatu dzuen Aranburuzabala-Olaeta inguruko auzo-konposta gunea kentzearen arrazoia hainbat herritarrengandik jasotako kexuak izan direla, eta gaineratu zuen auzo-konposta gune horren erabiltzaileei azaldu zaien moduan, Eskoriatzako Udala konprometitzen dela opor ostean beste gune egokiago bat erabilgarri jartzeko.

9.000 euro gutxiago

Gainontzean, osoko bilkuran landu zituzten gaiak aho batez onartu zituen udalbatzarrak. Hartutako erabakien artean, adibidez, alkatearen beraren soldataren zenbatekoa zehaztu zuten. Labur esanda, aurreko alkateak baino 9.000 euro gutxiago kobratuko ditu Zubizarretak urtean.

Beste puntu pare bat aipatzearren, alkateari eskaera zuzendu zioten hondakin bilketa sistema herri kontsulta lotesle bidez aukeratzeko eta herritarren parte-hartze erregelamendu bat egiteko dagozkion tramiteak has ditzan. Eta eskaera onartu egin zuten.

Bukatzeko, besteak beste, udalbatzarrak erabaki zuen 2016an San Pedro eguna jai-eguna izango dela Eskoriatzan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak