Jose Arana zaharren egoitzak 32 egoiliar ditu gaur egun, Diputazioarekin kontzertatutakoak dira guztiak, eta horiei ahalik eta zerbitzurik onena emateko beharrezkoak ziren obrak forma hartzen hasi dira dagoeneko, izan ere, lehen faseko lanak amaitu dituzte.
Bisita gidatuak
Lehen fase horrek 115.000 euro inguruko inbertsioa suposatu du. Igogailu berriarendako diru-laguntza jaso zuten Eskoriatzako Udaletik, irisgarritasun kontzeptuan, eta beste laguntza txiki bat ere jaso zuten Eusko Jaurlaritzatik. Hala ere, ekarpen handienak herritarren eta interesatuen eskutik heldu dira. Horiendako bereziki bisita gidatuak antolatu dituzte: "Ekarpen hori egin dutenek zerbaitegatik egin dute. Aurrerago izango dute aukera ikusteko, baina egoiliarrak ez dauden une honetan interesgarria izan daiteke eurendako lanak nola geratu diren ikusteko. Euren dirua da, ikus dezatela zer lortu den eurek emandakoarekin", adierazi du egoitzako erizainen kudeatzaile Dorleta Sologaistoak.
Beraz, lehen faseko lanak ikusteko aukera egongo da gaur bertan, arratsaldeko bostetaik zazpietara. Zaharren egoitzako patronatuko kideak bertan izango dira edozein galdera edo zalantzari erantzuteko.
Bigarren eta hirugarren faseak
Bigarren fasean, beheko solairu guztia aldatu gura dute. Jantokia handitu, egongela berri bat egokitu eta ile-apaindegi bat jarri nahi dute, besteak beste. Irisgarritasuna ere hobetuko lukete, edozein sarbidetara oztopo arkitektonikorik jarri gabe. Fase garestiena eta ikusgarriena izango litzateke. Eta amaitzeko, hirugarren fase baten lehen solairua egokitzea aurreikusten dute.