Jeneralak, kantinerak, sukaldariak, danbor-jotzaileak… danborradan parte hartu zuten neska-mutil guztiak Eskoriatzako kaleen jaun eta jabe egin ziren atzo arratsaldean, eta garbi utzi zuten emaitza txukuna lortzeko adinak ez duela garrantzirik: ondo jo zuten eta ondo pasatuz, gainera.
Ura, eskutik eskura
Apotzagako bidetik atera eta plazan bukatu zuten emanaldia, ohi baino ibilbide motzagoa eginez. Ohi baino ibilbide motzagoa eta ohi baino beranduago, izan ere, bero alerta zegoela-eta 20:00etan irten ziren 18:00etan beharrean. Bero egiten jarraitzen zuen, ordea, eta ur botilen joan-etorria etengabea izan zen gurasoen eskuetatik txikienetara. Eta ez hori bakarrik, trajeak apur bat tuneatu ere egin zituzten: danbor-jotzaile bat baino gehiago ikusi genuen alkandora askatuta edota tirantedun kamisetarekin.
Halako berotzarra zama izan bazen ere, pozik ibili ziren haur eta gaztetxoak.