Eskerrak emanez hartu du alkate kargua Joxe Ramon Zubizarretak

Imanol Beloki 2015ko eka. 13a, 14:23

EAJko Joxe Ramon Zubizarreta izango da Eskoriatzako alkatea hurrengo lau urteetan. Ezustekorik gabe eta aurreikusi moduan gertatu da. Joxe Ramon Zubizarretak bere alderdiko bost boto jaso ditu, EH Bilduko Aitor Zubizarretak bere alderdikoen hiru boto, Irabaziko Rafa Bernalek ere, bere buruari eman dio botoa eta Elizateek zuri boskatu dute. Alkate berria izendatuta, Beñat Herce jarduneko alkateak zumitzezko uztaia eman dio Zubizarretari.

Udalbatza berria eratzeko ezohiko bilkuran adin-mahaia Aintzane Agiriano eta Aitor Zubizarretak osatu dute. Lehenbizi, legearen aginduz, edo halabeharrez zin egin diote kargu hartzeari eta ondoren, bozkatzea izan da.

Zinegotzi guztiek ez dute kargua hartu; izan ere, EH Bilduko Josu Larreategi ez da plenoan izan, eta alderdikoen esanetan: “ez dakite aurrerago hartuko duen kargua”. Bestalde, Irabazi alderdiko zerrendaburua Xabier Villarreal zen, baina haren ordez Rafa Bernal, bigarrenak hartu du kargua.

Joxe Ramon Zubizarretak alderdiko kideen bost botoak jaso ditu, EH Bilduko Aitor Zubizarretak hiru boto, Irabaziko Rafa Bernalek, bere buruari eman dio botoa eta Elizateek zuri boskatu dute.

Aitor Zubizarreta. EH Bilduko zinegotzia:

Aurreko agintaldiko kideei eta alderdiarengan konfiantza jarri duten eskoriatzarrei eskerrak eman die:

"Eskerrik asko Beñat eta zure lantaldeari. Denok dakigu zein egoeretan eman zenuten orain lau urte aurrerako urratsa, horregatik, eskerrik asko izan zenuten adore eta prestutasunagatik. Eta batik bat, egoera mota guztietan lau urtetan mantendu duzuen koherentzia eta herri proiektuarekiko atxikimenduagatik, mila esker"

Joxe Ramon Zubizarreta. Eskoriatzako alkatea:

Hunkituta esan ditu lehen hitzak Eskoriatzako alkatea berriak, bere esker ona adieraziz:

"Nere esker ona luzatu nahi nuke, umetatik abertzaletasunaren sena bere atabaletik erakutsi zidan Mariori. Gure aitxitxa Raimundori, sarri isiltasunetik, gerraren aztarnak erakusten zuenari, familiakoei, nire bidearen testigu izan zaretelako. Euskal udalekuari, euskara eta euskal kulturaren edertasunaz jabetu arazi zidatelako. Almeneri, hainbat proiektutan parte hartzeko ateak zabaldu dizkidalako, Gipuzkoako eskolen elkarteari, sinistu izan dudan proiektuaren ardura konfidatu zidatelako, Eusko alderdi jeltzaleari, elkarrekin bide oparo eta interesgarria abiatu dugulako, eta zer esanik ez, nirekin batera zerrendan dauden guztioi,eta bukatzeko, Maria Angeles, Irati eta Gartxot zuen pazientzia eta indarra etengabe erakutsi eta sentitu arazten didazuelako…"

Beñat Herce. Eskoriatzako alkate ohia:

Ekitaldia amaitzeko, Beñat Herce alkate ohiak ere eskerrak eman dizkio lau urteetan bere alboan izan direnei, eta bide batez aholkuak eman dizkie udalbatza berriko kideei:

"Nik kargua hartu nauenien eman zoztien gomendixo bat, uste dot oso aproposa dala. Lau urte maratoi bat da, beraz hartu lasaitasunez, arduraz, eta politxo-politxo, ikasikozue udalaren funtzionamendua, ulertuko dozue hainbat gauza eta izen zaitteze bidelagun eta aurrera".

Ezohiko bilkurari amaiera emateko duela lau urte berreskuratutako tinkotasuna eta malgutasuna adierazten duen zumitzezko uztaia eman dio Beñat Hercek, Joxe Ramon Zubizarretari ohitura zaharrak dioen moduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak