Odol-emaile direnei oporretara joan aurretik odola emateko eta oraindik ez direnei animatzeko deia egin die Euskadiko Odol Emaile Elkarteak. Izan ere, oporrak tarteko, uda sasoian %40 inguru jaisten dira odol-emateak eta, horregatik, komeni da abuztura erreserba maila onarekin iristea.
%20 azpitik
Baina ez da hori aurtengo kasua: uneotan, garai honetarako ohikoa den kopuruaren %20 azpitik gaude eta, horri buelta eman ezean, udan gure ospitaleek izan ohi dituzten odol beharrak asetzeko eskas ibil gaitezkeela aurreikusten du elkarteak.
2013ko emergentzia deia
Euskadiko Odol Emaile Elkarteak 2013ko otsailean egin zuen azkenekoz orain egin duenaren antzerako beste emergentzia dei bat; Gabon ondorenak, hotzak eta gripeak bat egin zuten eta odol-emateen sekulako beherakada eragin zuten.
Gisa horretako krisi bat saihesteko, odola ematera joateko deia egin diete herritarrei orokorrean, eta gazteei bereziki. Odola emateko autobusa Eskoriatzan egon zen astelehenean, eta bertan egongo da berriz ere ekainaren 18an, 16:30etik 20:15era; uztailaren 7an eta 13an, Arrasateko Laboral Kutxan, 09:30etik 13:30era; eta uztailaren 20an, Eroski hipermerkatuan, 09:30etik 13:30era baita ere.