Batzoki parean bildu eta jeltzaleek datorren agintaldirako duten hauteskunde programa aurkeztu dute. Izan ere, oso pozik agertu da Eskoriatzako EAJ, herritar askok helarazi dizkietelako euren proposamenak. Guztira 125etik gora ekarpen jaso dituzte eta jakinarazi dute horietako asko datorren agintaldirako prestatu duten programan bilduko dituztela.
Programa horren baitan, bi erronka nagusi ezarri dituzte: hondakinak eta mugikortasuna. Batetik, oraingo Udalak atez-ateko zabor sistema inposatu duela adierazi du Zubizarretak eta garaile irteten bada bere alderdia, herri kontsulta egiteko asmoa agertu du: hori horrela, kontsulta horretan EAJkoek bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egingo dutela argitu du. Bigarrenik, herriko mugikortasuna hobetzeko erronka dutela azaldu du Zubizarretak.
Bestalde, Egibarrek, Ezker Abertzaleak historikoki mantendu dituen estrategiak kritikatu ditu. Estrategia horiek utzitako ondorioak latzak izan direla esan du eta indarkeria behin ere ez dela bide garbia izan gaineratu. "Herri honen izenean estrategia desberdinak egon dira, eta nagusiki bik, EAJk eta Ezker abertzaleak, historikoki mantendu dituzte euren estrategiak. Eta bigarrengo honek izugarrizko ondorio latzak utzi ditu indarkeriaren ondorioz. Indarkeria behin ere ez da izan bide garbia, eta hori jakin bazekiten. Ondorioak hortxe daude: biktimak eta presoak" adierazi du Egibarrek. Eta hori kontuan izanda herriaren etorkizun politikoak izan beharreko errespetua azpimarratu gura izan du.
Amaitzeko, aipatzekoa da oso indartsu ikusten dutela Eskoriatzako jeltzaleek euren burua datorren hilaren 24ra begira. "Irabazi egingo dugu argi eta garbi; gu horretara goaz. Gainera, talde oso polita osatu dugu eta alderdiak izugarri babestu gaitu" esan du Zubizarretak.