Goizean Zaldibar antzokian elkartu ziren, antolatzaileen esanetan, "ekimena herrira zabaltzeko asmoz". Hori horrela, Huheziko ikasle, irakasle eta herritarrak batu ziren literaturaz disfrutatzeko. Arratsaldean, berriz, Eskoriatzako Huhezi fakultatean jarraitu zuen topaketak, eta, euskal idazleez gain, Erasmuseko ikasleek ere ipuin kontaketa egin zuten.
Herri ipuinak eta mitologia izan dira aurten aukeratutako gaiak, eta Idurre Alonso antolatzailearen esanetan: " Ekimenaren helburua da ikasleak eta herritarrak literaturara hurbiltzea. Izan ere, aurrera begiratzen dugu etengabe, eta gure arbasoei garrantzia eman nahi izan diegu, literatura lehen ulertzen zen moduan ulertzeko".
'Txiliku', amama gogoraraziz
Literatur Topaketei hasiera ematen Jesus Mari Olaizola Txiliku izan zen, eta hark egindako hitzaldia Kontaketaren plazera izan zen. Honela laburbildu zuen bere hitzaldia: "Bidaia bat egin dut, nire amona Mikelaren nolabaiteko irudia hartu eta hark ekarri dizkidan garai bateko oroimenak oinarritzat hartuta, kontakizunetik abiatu eta kontakizun horren historiatxo labur bat egin dut".
Argazkiak hemen ikusgai .