Eskoriatzarrek AP-1 autobidearen gainean dituzten kezkak argitzeko helburuarekin, azpiegitura horren eta Bidegiren gaineko hitzaldia izan zen atzo Eskoriatzako Ibarraundi museoan; Larraitz Ugartek, Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak, eman zituen azalpenak, Bidegiko langile eta teknikoen laguntzarekin.
Eskoriatzatik pasatzen den AP-1 autobidearen zatia 2009an amaitu zuten eta auzoetan txukuntze lanak egiteke daudela salatu dute hainbat herritarrek. Lanok aurten bukatuko dituztela argitu zuen Ugartek; konpontzeko bidean direla, nahiz eta berandu ibili.
Duela pare bat aste AP-1 autobidean egon zen lur-jauzia izan zen solasaldiko beste puntu bat. Orduz geroztik, itxita egon da autobidea Eskoriatza parean, eta gaur zabalduko dute by-pass batekin, txandakako zirkulazioa ahalbidetuz.
Bidegi, "karga" bat Aldundiarentzat
Puntu polemikoena Bidegi auziaren gainekoa izan zen. Gaur egun, Bidegi Aldundiarentzako karga bat dela esan zuen Ugarte diputatuak eta aurten 9.000.000 euro eman beharko dizkiotela gaineratu zuen.
"Iruzurra", AP-1eko lanetan
Bidegi auziaz ere jardun zuten. AP-1 autobidearen obren azken likidazioan, 2011ko ekainean, egindako lanetan iruzurra salatu zuen Diputazioak. Ugartek esan zuen frogek argi eta garbi erakusten dutela iruzurra egon zela, eta dokumentuz jositako 80 kaxatik gora aurkeztu dituztela gaineratu zuen. EAJri bi bertsio erabili izana ere egotzi zion.