Cespa-Asaser UTEAk eroango du datozen bi urteetan Eskoriatzako kale garbiketa zerbitzua

Miren Arregi 2014ko abe. 11a, 10:33

Esleitu ditu Eskoriatzako Udalak kale garbiketa zerbitzua eta etxez etxeko zerbitzua. Bi urterako kontratuak izango dira, biak ere, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Cespa-Asaser U.T.Eak egingo du Eskoriatzan, aurrerantzean, kale garbiketa. Aurkeztu diren lau enpresatatik onena izan da Cespa-Asaser UTEA –orain artekoa Cespak egin izan du–.

Etxez etxeko zerbitzua, berriz, Gizadi Elkarteari esleitu dio. Lau enpresak aurkeztu dute euren proiektua eta Gizadi Elkarteak izan du puntuazio onena –hark eraman du zerbitzua orain artean ere. Biek ala biek, 160.000 euroko aurrekontua dute.

Eguaztenean onartu zituzten abenduko ez ohiko osokoan, bi esleipenak. Ez ziren, baina, aho batez onartu, Juan Luis Merino Ezker Batuako zinegotziak enpresa azpikontrata kontratatzearen kontra azaldu baitzen.

Hain zuzen ere, kale garbiketa zerbitzuaren esleipena bozkatzeko unean azaldu zuen Merinok bere desadostasuna. Merinoren ustez, enpresa azpikontratatu baten ordez langabezian dauden herritarrak kontratatu beharko lirateke halako kasuetan.

Beñat Herce alkateak erantzun zion, kontratazioak marko legalaren barruan egin behar direla eta 2011tik, legeak ez duela halakorik egiten uzten.

Zaldibar Antzokia

Bestalde, galde eskaeren puntuan, Juan Luis Merino Ezker Batuako ordezkariak Zaldibar Antzokiaren gaia atera zuen. Haren ustez Eskoriatzako Zaldibar Antzokiaren kostuak gehiegizkoak dira eta herritarrei horren guztiaren berri eman behar zaie.

Herce alkateak erantzun zion antzokia ez dela gastua, inbertsioa baizik eta orain arteko prozesu guztian eta hemendik aurrera ere, gardentasunez emango dela gastu guztien berri.

Alkateak gaineratu zuen, Eskoriatzako udalaren egoera ekonomikoa sostengarria dela halako azpiegitura bat eduki eta mantentzeko. Erantsi zuen, aktibitate kulturalak egiteko behar beharrezkoa zela halako azpiegitura bat.

Urte berriarekin batera inauguratuko da Zaldibar Antzokia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak