Tratu txar egoeretan jarraitu beharreko protokoloa gertatu duzue Eskoriatzan. Garrantzitsua da jarraibide bat zehaztuta izatea udalek?
Ezinbestekoa. Batetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak eskatzen duen konpromisoari erantzungo dio Eskoriatzako Udalak horrekin; eta bestetik, indarkeria hori jasandako emakumeenganako eta umeenganako ardura erakutsi.
Bihar herritarrei aurkeztuko diezue. Garrantzitsua da herritarren adostasunarekin egitea?
Oinarrizkoa da herritarrek ere parte hartzea lanketan eta bat egitea horrekin.
Protokolo hori heldu leku bat da tratu txar kasuetarako?
Tratu txarrak jasan dituztenei ez daudela bakarrik esateko beste tresna bat da, indarkerian oinarritutako harreman hori apurtzeko laguntza eska dezaketela sentiarazteko tresna. Gainera, erakunde publikoen eta orokorrean gizartearen erantzukizuna da indarkeria horri aurre egitea. Eta protokoloarekin helarazi gura den mezua zera da: indarkeriazko egoera horretatik irten daiteke.
Aurten ere iritsi da Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Oraindik ere lan handia dago egiteko?
Izugarria. Ez dugu mezu ezkorrik bidali gura Clara Campoamor elkartetik, aurrera pausoak ematen badabiltzalako, baina ezin dugu baztertu emakume askoren egoera. Mundu mailako pandemia izaten jarraitzen du, eta inor ez dago salbu. Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak oraintsu emandako txostenean dio Europako 62 milioi emakumek jasan dutela indarkeria matxista (hirutik batek), eta beste 62 milioik umetan; 100 milioi emakumek sexu jazarpena; 80 milioik indarkeria psikologikoa; eta eta 10 milioiri askatasuna kendu diotela. Mundu mailara salto eginez gero Nazio Batuen Erakundearen 2014ko txostenak zera dio: emakumeen erailketen %38 bikotekideak eragindakoa da; 120 milioi neskatok (hamarretik batek baino gehiagok) eraso edo abusu sexualen bat jasan du; pertsonen salerosketa kasuen %98 sexu esplotaziorako dira erabiliak (4,5 milioi baino gehiago); eta 133 milioik baino gehiagok sexu organoen ebaketaren bat jasan du. Gure inguruko datuak Europar Batasuneko bataz bestekoak baino hobeak dira; hala ere ez da albiste ona. Eta azaroaren 25a, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna, data garrantzitsua da gogorarazteko emakume eta gizon askok egunero-egunero gaitz sozial horren aurka egiten duten borroka behar-beharrezkoa dela oraindik. Gainera, benetako berdintasuna bakarrik lortuko da guztion egiazko inplikazioarekin.
Poliki-poliki berdintasunaren alorrean zerbait aldatzen badabil?
Pauso garrantzitsuak eman direla esan genezake, adibidez egin dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Legea, Osoko Legea, indarkeriaren eta berdintasunaren gaineko sentsibilizazioak… Hala ere, benetako berdintasuna lortzen ahalegindu behar dugu, berdintasun faltsua duen gizartea dugu orain-eta. Miguel Lorente Acostak (2008-2011 artean Emakumeen Ministerioan Gobernuaren ordezkaria) esandakoa gogoratu behar dugu: "Aldatu, guztiak berdin jarrai dezan". Horrek azaltzen ditu gure gazteen artean jasotako emaitzak; adibide moduan Estatistikako Institutu Nazionalak emandako datuak: Genero Indarkerien Biktimak Babesteko Erregistro Nagusian izena emandako 29.146 emakumetatik ia %28k zituen 20 eta 29 urte artean. Eta 2013an hildako 48tik 13k zituzten 30 urte baino gutxiago; horietatik bik zituzten 17 eta 18 urte; eta batek, 16 bakarrik. Egia da nahaste apur bat dagoela gure gazteen artean. Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Barne kontseilariak salatu du azken hiru urteotan teknologia berrien bidez tratu txarrak jasan dituzten nerabeen igoera: gazteen %61k indarkeria matxista jasan dute telefono mugikorraren bidez eta %25,1k dio bikotekideak kontrolatu egiten dituela mugikorrarekin.
Argi dago oraindik asko dagoela egiteko berdintasun kontuan; non jarri behar da indarra?
Indarkeria matxista bukatzeko oinarrizkoa da hezkuntza eta hor indartu emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna. Geure pentsamendu eta ideologiaren gaineko autokritika egin beharko genuke, eta horrek errealitatea beste era batera ikusaraziko liguke. Mugimendu feministak egindako lana aipatu beharra dago hemen, izan ere, gizarte justuago eta berdinago baten alde egin dute lan eta egiten jarraitzen dute.
Genero indarkeria oraindik ere etorkinekin lotzen da. Hala da?
Hori ez da erreala. Esandako moduan, genero indarkeria gizartean dagoen arazo potoloa da eta gizarteko alderdi guztietan ematen da munduko edozein bazterretan, bereizi gabe ekonomia maila, kultura eta arraza.
Sarri entzun izan da: “Emakumearen eskuetan dago harreman horrekin bukatzea”. Baina tratu txarretan oinarritutako harreman batekin apurtzea ez da izango samurra…
Harreman horrekin apurtzeko erabakia hartzea oso zaila da, emakumeak energia handia behar du horretarako eta sarritan ez du. Faktore asko daude atzean: beldurra, lotsa, aldatuko den itxaropena, ekonomia menpekotasuna, emoziozko menpekotasuna, eskura dituen errekurtsoen eta eskubideen gaineko ezjakintasuna…
Tratu txar fisikoek gehiengoaren gaitzespena dute, baina tratu txar psikologikoak izango dira fisikoak besteko mingarriak eta zailagoak demostratzeko, ala?
Hala da. Egia da indarkeria fisikoak gaitzespen sozial handiagoa duela, indarkeria fisiko horren ondorioak larriak badira behintzat. Baina kalte psikologikoa ere hor dagoela egunetik egunera argiago dugu. Eta auzitegian hori demostratu ahal izateko Lege Medikuntzako Institutuetako Ebaluazio Forentse Osorako Unitatea daukagu. Egia da demostratzeko zailtasun handiagoak izaten direla, baina ezinezkoa ez da. Eta egia da, era berean, gaitz psikologikoak askoz zailagoak direla sendatzeko.
Sarri esan arren gogorarazi non eska daitekeen laguntza.
Gizarte Zerbitzuetan, osasun etxeetan, udaltzain eta ertzainen komisarietan, babeserako telefonora deituta, 016… hau da, indarkeria kontuak lantzen dituzten edozein erakunde publikoetara jota. Edo lagun egingo digun inguruko edozeinengana jo daiteke.
Legeak erraztasunak ematen dizkio tratu txarrak edo erasoren bat jasan duenari edo salaketaren ostean bide gogor eta luzea hasten da?
Bide gogorra da beldurrez bizi behar izatea indarkeria oinarri duen harreman batean, eta babesik gutxien ere orduan izaten da. Gure sistemak emakumeak eta neskatoak babesteko neurriak sortu ditu eta guk beti errepikatzen dugu mezu berbera: "Gogorra da baina merezi du eta egoera horretatik irten daiteke".
Eta zelako erantzuna eman beharko luke gizarteak eraso matxista baten aurrean?
Halako ekintzak erabat gaitzetsita; indarkeriaren kontrako mugimendua sortu behar da gizartean eta halako egoerak gaitzesterakoan ez dugu inolako hausturarik erakutsi behar.