Egitarau zabalaren barruan, mendi bueltatxoarekin hasi zuten eguna, 'Eskoitzara egunean' parte hartu zutenek. Izan ere, Aitzorrotzera igo ziren hainbat lagun egunari hasiera emateko, eta etxafleroekin esnatu zuten herria.
Salda eta patata tortila lehiaketarekin batera, sari bikainez betetako tonbola arrakastatsua egon zen goizean. Bertan ateratako dirua, Eskoitzako presoen familiendako izan zen oso-osorik. Hala esan zuen Ibone Arejolaleibar antolatzaileetako batek: "Urrian 10 urte egin ditu kartzelan Marixolek, Parisen dago eta azken finean bere familiak dirua behar du bertara bidaiatzeko".
Poteoa egin ondoren bazkari bikaina izan zuten Dorleta elkartean; izan ere, babarrunak bere sakramentuekin jan zituzten bertaratuek. Arratsaldean berriz, bideo emanaldia eta Pobreziak poesia musikatua izan zen eta gero, elkarretaratzea izan zen herriko plazan kandelekin osatutako Euskal Presoak Euskal Herrira mosaikorekin batera.
Talde bakarra taula gainean
Egunari amaiera emateko, Criminal Remains eta Akerbeltz taldeen kontzertuak zeuden aurreikusita, baina Criminal Remainseko abeslariak eztarria txarto izanagatik Akerbeltz taldea bakarrik izan zen taula gainean gaua alaitzen.
Antolatzaileak pozik
Antolatzaileak oso pozik geratu ziren emaitzarekin. Izan ere, herritarren parte hartzea oso ona izan zen. "Eskerrak eman nahi dizkiegu herriko komertzio eta taberna askori, beraien laguntza gabe ezingo genuke hau egin eta… "