Bitartekari lanak egiteko eskatu diote Eskoriatzako udalbatzari Fagorren itxierak kaltetuek

Mirari Altube Arrese 2014ko urr. 29a, 15:31

Fagor Etxetresnen eta Edesaren itxierak kaltetutakoak Eskoriatzako osoko bilkuran izan ziren atzo, iragarrita zeukaten moduan, udalez udal aurkeztuko duten mozioaren berri emateko. Eskoriatza da mozioa aurkeztu duten lehen herria eta aho batez onartu zuten alderdi guztiek, hala nola, Bilduk, EAJk, Ezker Anitzak, Elizateak eta Alderdi sozialistak. Kaltetutakoek eskatu zioten udalbatzari, besteak beste, bitartekari lanak egin ditzan Mondragon Korporazioarekin.

Ordaindu plataformako Mikel Olabek egin zituen kaltetutakoen bozeramaile lanak, eta eskatu zioten udalbatzari bitartekari lanak egiteko Mondragon Korporazioarekin. Beste batzuen artean honako eskaerak egin zituzten: lanik gabe daudenei behin betiko lanpostua; kapital sozialak eta borondatezko ekarpenak itzultzea; eta kooperatibisten aurre-erretiro duinak bermatzea. Era berean, esan zieten udal ordezkariei Aldundiari eskatzeko dituen baliabide guztiak erabil ditzala. Beñat Herce alkateak baietza eman zien, eta udalbatzak aho batez onartu zuen mozioa.

Udal tasak eta zergak izoztu

Beste gai batzuk ere landu zituzten osoko bilkuran ordenantza fiskalak, besteak beste. Udal tasak eta zergak izoztea proposatu zuen alkateak, "egoera ekonomikoak hala eskatzen duelako". Izoztutakoen artean daude honakoak: ondasun higiezinen gaineko zerga, ibilgailuena, hondakinen tasa eta kiroldegiko prezioak. Tasa bakarra igo dute: ur hornikuntzarena. Horren arrazoia da Gipuzkoako urak enpresak %5 igoko diola uraren kostua Udalari, eta horri aurre egiteko, herritarrei %2,5 igoko diete.

Ezker Anitzako Juan Luis Merino ez zen bat etorri izoztearen proposamen horrekin. Haren esanetan, Udal hauteskundeen gertutasunagatik hartu du erabaki hori Bilduk. Merinok uste du herritarrei zerbitzu publikoak bermatu behar zaizkiela eta horretarako arrazoizko igoera bat izan beharko luketela tasek eta zergek. EAJ eta Alderdi Sozialista abstenitu egin ziren bozketan, hortaz, onartutzat eman zituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak