Katiluak eskuan, Udalak mahaiaren bueltan elkartu nahi ditu herritarrak

Irati Goitia 2014ko urr. 22a, 16:32

Azaroaren 8an bilera irekia egingo dute Manuel Muñoz kiroldegian EskoHitza ekimenaren baitan. Herritar guztiak animatu dituzte parte hartzera Udaletik. Horretarako izena eman behar da.

Udalarentzat garrantzitsua da herritarren parte-hartzea bermatzea. Hala, 2011n EskoHitza ekimena jarri zuen martxan, herritarren ideia, proposamen eta iradokizunak jasotzeko helburuarekin. Hain zuzen, lehen bilera irekia 2011ko azaroan egin zuten Manuel Muñoz kiroldegian, eta 150 lagun elkartu ziren. "Oso aberatsa izan zen. Han batutakoa gidari izan dugu gure kudeaketan hiru urte hauetan", adierazi du Beñat Herce alkateak. 2012an eta 2013an ere egin zituzten parte-hartze prozesuak: aurrekontuak zehazteko eta krisiari aurre egiteko proposamenak batzeko, hurrenez hurren. Bada, azaroaren 8an, beste bilera ireki bat egingo dute.

Katiluak eskuan, mahaiaren bueltan

Orain dela hiru urte bezala, kafe baten bueltan elkartu nahi dituzte herritarrak. Hainbat iritzi, izaera eta pentsamoldetakoak. Izan ere, euren nahia da ahalik eta aniztasun handiena lortzea. "Bere garaian heterogeneitate hori saiatu ginen islatzen katiluekin. Hori izan zen ekimenaren marka orain hiru urte eta berreskuratu egin nahi dugu. Azken batean, nor bere etxeko katilua bezala, eskoriatzarrok ezberdinak gara: handiak, txikiak, lodiak, meheak...", esan du alkateak.

Bilera irekia 10:00etatik 13:00etara egingo da Manuel Muñoz kiroldegian. Ludoteka zerbitzua eskainiko da, gurasoen parte-hartzea bermatzeko, eta alkateak gazteak animatu nahi izan ditu, bereziki, orain dela hiru urte ez ei zirelako asko joan.

Herritarrek, talde txikitan banatuta, bi eginbehar izango dituzte: batetik, proposamen berriak egitea datozen hiru urteetarako; eta bestetik, azken hiru urteetan egindako parte-hartze prozesuetan jasotako emaitzen balorazioa egitea.

Alkateak ohartarazi du azaroaren 8an egingo den bileran parte hartzeko izena eman behar dela. Horretarako, kultura etxera dei egin daiteke (943-71 46 88) edo partehartzea@eskoriatza.net helbidera idatzi.

Aldizkaria

Parte-hartze prozesuetan proposatutako ideien betetze maila zein den jakinarazteko, aldizkari bat egin du Udalak, bestetik. "Garaia da egindakoa aztertu eta kontuak emateko. Horregatik prestatu dugu aldizkaria", esan du Hercek. Bada, gaur, egubakoitza, banatuko da etxeetan eta arloz arlokako informazioa eskainiko du modu laburtuan. Informazio osoa nahi duenak Eskoriatzako webgunean izango du eskuragarri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak