Eskoriatza erdiko kale nagusiak itxura berria hartu du azken hilabeteotan, eta orain, oinezkoek izango dute lehentasuna hainbat ordutan. Udal ordezkarien asmoa izan da hori, baina eskoriatzarrekin batera adostu gura izan dute. Hala, hainbat herritarrekin eta negoziotako ordezkarirekin bilera egin zuten uztail hasieran, eta ondoren hilabeteko epea izan dute gainerako herritarrek iradokizunak aurkezteko. Behin horiek jasota, "pilatxo bat", astelehenean egin zuten batzarra eta erabaki irailaren 5ean abian jarriko duten ordutegia. Herritarrek egindako eskaera bat ere hartu dute kontuan: "Larrialdi kasuren bat edo behar bereziren bat egoten bada kalea zabaltzea eskatu dute", dio Igor Ezpeletak, Ingurumen zinegotziak. Horretarako udaltzainengana jo beharko dute –943 71 45 32 eta udaltzaina@eskoriatza.net–, eta horiek erabakiko dute eskaera onartu edo ez.
Autobus geltokian aldaketak
Kalea pibote hidrauliko batekin itxiko dute, semaforo txiki bati programatuta dagoen pibotea. Itxita dagoenean Arrasaterantz doazen autoek Aranburuzabala kaletik San Juan kalerantz hartu beharko dute, eta Olazartik bueltan, Gaztañaduiko biribilgunera jo. Gasteizera doazenak, ostera, azken hilabeteotan legez Arbiñostetik joango dira. "Ekainetik doaz autoak Arbiñostetik eta ez da egon arazorik. Baina txirrindulariei gogorarazi behar zaie ibilgailu guztiendako dela norabide bakarra, ez bakarrik autoendako", jakinarazi du Ibon Segura udaltzainak.
Aranburuzabala kaletik pasatzen diren autobusengan ere eragina izango du kalearen itxierak. "Aranburuzabala kaleko geltokitik orduro bakarrik pasatuko dira autobusak kalea itxita dagoenean. Geltokia bera ere tokiz aldatuko da; orain goraxeago egongo da, estazio zaharretik datorren kale horretan hain zuzen ere, Alza inguruan", argitu du Ingurumen zinegotziak.
Apurketak salatu
Itxura dotorea du ekainaz geroztik Jose Aranak, otzara formako loreontziekin txukunduta, baina guztien gustuko ez direlakoan dago zinegotzia, apurketak jasan dituztelako: "Aldaketa handia izan da eta denbora behar da ohitzeko, baina loreontziak apurtu izan dituzte, landareak apurtu eta ostu… eta hori salatzekoa da gero".