Eskoriatzako altxorrak ezagutzeko aukera bikaina

Ubane Madera 2014ko abu. 6a, 11:42

Elorretako errotak zela funtzionatzen duen ikusi, Ibarraundi museoko altxorrak bisitatu, Atxorrotzen egiten diharduten indusketak bertatik bertara ezagutu eta udalerriaren gaineko ezagutza handitu. Horixe guztia eskaintzen du Eskoriatzako Udalak egunotan herrian bertan egiteko, eta musu-truk, gainera.

Eta aukera aprobetxatzeko gertu dago bisitari bat baino gehiago. Horixe egin du, hain justu, Bolibar errekaren alboan eraikita dagoen Elorretako errota bisitatu duen bikoteak. Ez dira bakarrak izan, gehiago ere izan ditu zaharberrit, bereizki, errotak zela funtzionatzen duen ikusi daitekeelako.

Gehienak, hori bai, eskoriatzarrak dira; halakoetan ohi den moduan kanpoko altxorrak bai, baina norbere herrikoak bisitatzeko ohitura txikia dugu oraindik, eta har hori kentzeko aprobetxatu dute horietako askok egunotan. Horiek esandakoaren arabera, Eskoriatzan bertan eskuratutako informazioari esker izan dute aukeren berri, eta hurrengo egunotako bisitak aprobetxatzeko asmoa ere badute.

Dena den, urrunagoko bisitariak ere jasotzen ditu Eskoriatzak, geroago eta gehiago, gainera. Eneritz Zubiak,
Ibarraundi museoko langileak emandako xehetasunen arabera, Ingalaterratik, Eskoziatik… etortzen dira horiek, batez ere. Eta Eskoriatzako eskaintzatik, batez ere, Atxorrotzeko indusketak dituzte gogokoen.

Edozelan ere, normalean egokiena eta zuhurrena adituen gomendioak entzutea izaten denez, horixe eskatu diogu Zubiari. Eta hark, goian aipatutakoez gainera, gogora ekarri du bertako Zubiate labearen balioa.

Gogoan izan, beraz, datozen egunotarako badagoela zeregina eta ez aspertzeko adina eskaintza urrutiregi joateke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak