Egun bat lehenago eta Bigote Egunaren berrikuntzarekin hasiko dituzte sanpedroak txosnetan

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko eka. 17a, 18:10

Aurreko urteetan baino jai egun bat gehiago izango dute aurtengo Eskoriatzako San Pedro jaietako txosnetako egitarauan. Izan ere, hilaren 27an, egubakoitza, emango diete hasiera jaiei. Bigote Eguna ospatuko da egun horretan lehen aldiz eta Bigote Egunean parte hartzeko arratsaldean egongo den photocall-ean argazkia atera beharko da benetako bigotearekin ala artifizialarekin; sari banaketa gauean egingo dute. Bestelako berrikuntzarik ere izango da, adibidez, hilaren 30eko Kuadrilla Egunean joko berriak egingo dituzte.

Hilabete pare bat lanean ibili ostean, prest daukate aurtengo sanpedroetako txosnetako egitaraua. Aurten ere Eingeinkeko kideak, presoen lagunak eta herritar talde bat ibili da txosnetako egitaraua gertatzen. "Ez da baina egitarau soil bat. Gure nahia da gune alternatibo, libre eta dibertigarri bat sortzea. Gune bat non ez diren errespetu faltak onartuko ez eta jarrera xenofobo, homofobo edo matxistarik", azaldu dute Txosna Batzordeko kideek.

Gaineratu dute garrantzitsua iruditzen zaiela "herriko jaietan herritik herriarendako" egindako gune bat egotea, anitza eta adin guztietarako zabalik egongo dena.

Bestalde, nahiz eta hasieratik antolakuntzan taldetxo bat ibili, Txosna Batzordea guztiendako irekia dela azaldu dute eta nahi izanez gero, txosnan lan egiteko aukera ere badagoela: "Inkernu tabernan dagoen txanden taulan izena emateko gonbidapena egiten dugu".

Bigote Egunarekin, jaiei hasiera

Txosnen egitarauan aurten beste urteetan baino egun bat lehenago hasiko dituzte jaiak: Bigote Eguna ospatuko dute egun horretan. Txosnetan photocall-a jarriko dute eta parte hartu nahi dutenek argazkia atera beharko dute bertan. Gauean egingo dute sari banaketa eta sariak horrela sailkatuko dituzte: bigote natural onena, bigote artifizial onena eta Txirotutako Uranioak saria.

Izan Libre Eguna

Hilaren 28an, sexu askatasunaren nazioarteko egunean, Izan Libre Eguna ospatuko dute. Azpimarratu behar da gainera, danborradako presoen aldeko konpartsan 95 lagun irtengo direla koloretako jantziak soinean dituztela. Bikoteen jokua ere egingo dute eta DJ Elvis Cainok girotuko du gaua.

Sanpedro Eguna

Hilaren 29an, fracking-aren aurka sinatzeko aukera egongo da eta DROP! eta Ezinean taldeen kontzertuak egingo dira.

Kuadrilla Eguna

Hilaren 30ean, astelehena, kuadrillen arteko bazkaria egingo dute eta bakoitzak bere jana eraman beharko du. Leku eta edarien txartelak 5 eurotan salduko dira Inkernu eta Aldatz tabernetan.

Horrez gain, Eskoriatzako IV. bandera ere jokoan egongo da egun horretan eta aurten joko berriak egingo dituzte. Parte hartzeko izena eman beharko da hilaren 25a baino lehenago Inkernun, Aldatzen edo Facebooketik mezu bat bidalita.

Gauean, playback txapelketa egingo dute.

Euskal Jai Eguna

Euskal preso eta errefuxiatuen aldeko kalejira egingo da txosnetatik eta piropo lehiaketa ere antolatu dute uztailaren 1eko egunerako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak