Gipuzkoa Buru Batzarreko presidente Joseba Egibar Eskoriatzako batzokian izan da euskal politikaren gaur egungo egoeraz hizketan.
Azaldu du bere ustez politika eta herrigintza mugitzen dagoela eta erne egon beharra dagoela herri honen etorkizuna erabakitzeko.
Egibarrek Eskoriatzan positiboki baloratu du Gure Esku Dagoren domekako herri ekimena eta azpimarratu du herri ekimen hori posible izan dela ETA ez dagoelako.
Gaineratu du, batasunaren bide bat urratu daitekeela, iragan horretaz aparte dagoen etorkizunari begira jarrita, elkarren arteko errespetuarekin, ideiekin eta proiektuekin, eta horrek jarriko duela herri hau beste perspektiba batean: "Iraganeko etxeko lanak ditugula? Bai. Hain zuzen ere indarkeriaren estrategia nolabait babestu eta bultzatu izan duen erakunde horrek utzi ditu ondorioak: biktimak eta presoak". Horri ere soluzioa eman behar zaiola adierazi du Egibarrek eta gaineratu du etorkizunari begira geure buruaren jabe izan nahi baldin badugu, geure ekonomiaren eta industriaren aldeko apustua egin beharko dela.
Adierazi du baita ere badaudela klabe batzuk optimista izateko eta bere ustez orain inoiz baino gehiago garrantzia hartzen du abertzale sentitzen diren pertsona guztiei benetako ibilbide orri bat eskaintzea.
Azaldu zuen baita ere "inork ez duela ezer oparituko" baina pausoz pauso bide horretan abertzaletasunak etorkizunari begira duen desafiorik handiena hauxe dela: zein erabaki hartu behar diren eta hurrengo zein helburu jarri behar diren zehaztea.
Batzokian egindako hitzaldian Debagoieneko hainbat Udaletako EAJko zinegotziak ere izan ziren; Eskoriatza, Bergara, Arrasate edo Antzuolakoak, besteak beste.