Herritarrek, merkatariek eta lantegiek hondakinak biltzeko sistema berrira egokitzeko egindako esfortzua eskertuz hasi zuten Eskoriatzako Hondakinen Mahaia osatzen duten kideek atez ateko sistemaren lehen asteei buruzko balorazioaren berri emateko atzo emandako prentsaurrekoa.
Beti ere Aste Santua eta maiatzaren 1eko zubia tartean egon direla aintzat hartuta, lortutako datuak oso era positiboan baloratzen dituzte, hasiera baten hitzartu zuten helburua, %70 gaika jasotzea, gainditu egin dutelako.
Hiru arrazoi ematen dituzte datu hau azaltzeko: hondakin organikoak bereizita biltzeko baliabideak jarri izana; selektiboki jasotzen diren beste gaiek izandako igoera; eta birziklagarria ez den hondakinek izan duten jaitsiera, euren esanetan, izugarria. Horrek zabortegira bideratutako tona kopurua ere izugarri jaitsi dela gaineratzen dute: "Iazko erreferentziazko beste hilabete baten 67.000 kilo eroan ziren, eta aurtengo apirilean, 11.000 bakarrik", azaldu zuen atzo Eskoriatzako alkate Beñat Hercek.
Hobetu beharrekoak
Hondakinen Mahaiko kideek diote norabide egokian doazela esan arren, badaudela hobetu beharreko aspektu batzuk. Hala, gogorarazten dute gai bakoitza dagokion eran atera behar dela, eta zentzu horretan, hondakin organikoak eta papera ezin direla plastikozko poltsatan atera. Egutegia eta ordutegiak errepsetatzeko deia ere egiten dute era berean.
Azaldu dute baita ere badagoela sistema berrian sartu ez den herritarren gutxiengo bat, hondakinak nahasita eta lurrean uzten dituztenak. Hauei ere sistema erabiltzeko gonbita egin diete, baina orain arteko jarrerarekin jarraitzen badute, ondorioak egongo direla iragarri dute: "Existitzen den ordenantzan arau-hauste bat da, eta arau-hauste guztiek bezala, ondorioak dakartza; zigorrak edo isunak".
Informazio bulegoaren ordutegian aldaketak egongo direla ere iragarri dute. Hala, aurrerantzean, goizetan astegun guztietan egongo da zabalik bulegoa, baina arratsaldetan, astelehen eta asteazkenetan bakarrik.