Ekainaren 21ean egingo dute Gabez Takarraran mendi lasterketaren laugarren edizioa

Mirari Altube Arrese 2014ko mai. 29a, 16:00
Ekainaren 21ean egingo dute Eskoriatzan Gabez Takarraran mendi lasterketa proba. Dagoeneko laugarren edizioa da eta urtetik urtera korrikalari kopuruak gora egin duelako pozik agertu dira antolatzaileak. Horren guztiaren berri eman zuten atzo Ibarraundi museoan, eta iragarri, aurten 50 urte bete dituen Eskoriatza Kirol Elkartea omenduko dutela.

Urtetik urtera arrakasta handiagoa duen mendi lasterketa da Eskoriatzan egiten duten Gabez Takarraran. Orain dela lau urte hasi ziren antolatzen Eskoriatza Kirol Elkartea eta Udala elkarlanean eta korrikalari kopurua hazi egin da edizioz edizio. Horren berri eman zuen atzo Iñaki Uribe-Etxebarria antolatzaileak. Mendi lasterketetako euskal selekzioko hautatzailea da, gainera, Uribe-Etxebarria, eta luxuzko gonbidatu bi izan zituen lagun aurkezpenean Aritz Egea eta Iban Letamendi euskal selekzioko korrikalariak.

Ekainaren 21ean izango da laugarren Gabez Takarraran; 11:00etan irtengo dute lasterkariek Eskoriatzako plazatik. Handik Asensio tontorrera egingo dute eta Mazmela auzotik bueltan plazara itzuli. Hemendik, Atxorrotzerantz joango dira eta Makatz-gainera igota, plazan bukatu. Guztira 23 kilometro izango dira, 1.200 metroko igoerarekin. Eta 6 hornidura puntu izango dituzte ibilbidean zehar, edatekoarekin eta jatekoarekin.

Iaz lehenengoz antolatutako gazteendako lasterketa, aurten ere egongo da, 16 eta 18 urte artekoendako. Lasterketaren lehenengo zatia egingo dute horiek, hau da, ia 9 kilometroko ibilbidea duen Asensio mendirako joan-etorria.

Eta Izen-emate epea dagoeneko zabalik dago Interneten.

Omenaldia Eskoriatza Kirol Elkarteari

Lasterketa girotze aldera aurten ere egongo da apustua, eta asmatu beharko da lasterkari bizkorrenak plazatik Makatz-gainera igotzeko beharko duen denbora; hain zuzen ere 6 kilometro pasatxoko tartea, eta 700 metroko igoera duena.

Lasterketaren bueltan herriko pertsona edo erakunderen bat omentzeko ohitura hartu dute antolatzaileek. Eta aurten 50 urte bete dituen Eskoriatza Kirol Elkartea izan da hautatua. Hala, lasterketa egunerako presidente izandako guztiak gonbidatu dituzte.

 Aurkezpen ekitaldian hainbat eskoriatzar elkartu ziren Ibarraundin eta Iban Letamendi eta Aritz Egea korrikalarien iritziak jaso gura izan zituzten, biek ala biek denbora bikainak egin zituztelako joan den domekako Zegama-Aizkorri mendi lasterketan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak