Eskoriatzako Zaldibar antzokiko obrak zelan dauden zuzenean ikusteko aukera izan dugu gaur goizean. Kultura zinegotzi Jose Angel Petralandaren laguntzarekin, eraikinera sartu gara, eta lanak oso aurreratuta daudela ikusi dugu; bigarren fasearekin amaitzeko, lurzorua jartzea baino ez da falta. Eta apirilean hasiko dira azken faseko obrekin.
Goitu enpresa, 229.000 eurotan
Atzo eguerdian bertan esleitu zituzten lan horiek; lehen deialdia hutsik geratu ostean, bigarren bat deitu zuen Udalak, eta bi proposamen jaso dira. Orain arteko lanak egin dituen enpresak egingo ditu oraingoan ere. Hain justu, Goitu enpresa bergararrari esleitu diote proiektua, 229.000 eurotan.
Eserlekuak eta eraikina erabilgarri egoteko gainerako ekipamendua jartzearekin batera, sarrerako atarte bat, guztia kristalezkoa, eta inguruko urbanizazio lanak garatuko dituzte oraingoan. Sarrerako atarte horretan, leihatila kokatuko dute, eta aretora sartu aurreko gunea ere egokituko dute. Lehen solairura igotzeko eskaileretarako sarbidea ere izango da gune hori.
Kanpoko urbanizazioari dagokionez, kalea, kota berdinean geratuko da, Santa Ana auzoko beste gune batzuk bezala, eta zuhaitz eta eserleku batzuk jarriko dituzte inguruan.
Behin zabalik dagoela, askotariko ekintzak egingo dira ekipamendu berri horretan, hala nola, antzerkiak, ikastaroak, kontzertuak edo hitzaldiak. Aprobetxamendua ahalik eta zabalena izan dadin, lehen solairuko eserlekuak kendu ahal izango dira. Horiek gabe, 300 bat lagunendako tokia izango du eraikinak; eta eserlekuak jarrita, berriz, 150 lagun sartuko dira.
Atzerapena
Esan bezala, atzerapen handia dute lanek. Lurzoruarekin, esaterako, arazoak izan dituzte, baina espero dute bizpahiru astetan jarrita izatea.
Zaldibar antzokiak milioi eta erdiko kostua izango du. Udalak milioi inguru jarriko du, eta gainerakoa diru laguntzen bidez ordainduko da.