Amaia Txintxurretak gidatuta, hastapenak, ibilbidea, denboraren joana eta bestelako gehiago kontatu zituen bikoteak arreta handiarekin jarraitu zuen ikusleen aurrean, hitzen artean kantu berriak eta zaharragoak tartekatuta. "Oso gustura egon gara, formatu akustikoan jotzera ohituta ez bagaude ere. Gertuko formatuak asko gustatzen zaizkit; polita da entzuleen galderak bertatik bertatik erantzutea. Beroketa ariketa polita izan da, eta gogotsu gaude zuzenekoei heltzeko; Imak esaten duen moduan, distortsioarekin eta gure terrenoan. Jo eta su ari gara entseguetan, astean hirutan, makineria herdoildua berriz ere martxan jartzea ez da-eta samurra. Lau izango gara taularen gainean, Julen Zaballos baxu-jole berriarekin", dio Urbizuk.
Antolatzaileei eta ikusleei ere zapore gozoa utzi zien ekitaldiak. "Goienatik eskertzekoa da duten herri txikiekiko, tokiko hedabideekiko eta gure hizkuntzarekiko emaria, eta bihotzez eskertzen dugu hori", dio Goienako zuzendari nagusi Iban Arantzabalek, eta zera gaineratu du Iñaki Larrea Goienakideak: "Osotasunean baloratuko nuke saioa, hitzen zein kantuen uneak".