Peiremans taldeko Gorka Urbizu eta Imanol Ubeda musikariek hitzordu berezia izan zuten Elgetako Janela tabernan, hamar Goienakiderekin. Ohiko agertokietatik kanpo, Amaia Txintxurreta kazetariarekin solasean aritu ziren lehenik, eta sei kantuko kontzertu akustiko goxoa eskaini zuten ondoren. Disko berriko kantuak gertutik ezagutzeko aukera ere izan zuten bertaratutakoek, eta txalo zaparrada batekin agurtu zituzten bi musikariak.
Ekitaldiaren tokiak ere bazuen bere bitxikeria: Gorka Urbizuren bakarkako kantuetako batek Janela bat du izena, eta, hain zuzen, Elgetako Janela tabernan izan zen ekitaldia.
Hamar urteko etenaldia
2005ean sortu zen Peiremans, eta 2016an ekin zion bigarren etapari. Hamar urte geroago, berriro elkartu dira taldekideak, disko berria kaleratzeko eta kontzertu bira bati ekiteko. Itzulerak ikusmin handia piztu du jarraitzaileen artean, eta birako sarrera guztiak agortu dituzte.
Laster, Goienan ikusgai
Janela tabernako saioa osorik grabatu zuen Goienak, eta laster izango da ikusgai. Elkarrizketa eta kontzertu akustikoa jasoko ditu emanaldi intimo zein bereziak.