90 urte pasa eta gero ere, egia ezagutarazteko eta justizia eskatzeko lanean jarraituko dute Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona

Intxortako frontearen 90. urteurrena betetzen da gaur eta antzeztutako mendi ibilaldia zein ekitaldia egin dituzte Elgetan. 60 bat bisitari izan ditu goizeko errekreazioak eta bete egin da kafe antzokia eguerdiko ekitaldirako. Elgetako Udalak eta Intxortako 1937 kultur elkarteak antolatutako ekitaldian biktimei zor zaien egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatu dituzte eta horrekin batera memoria lantzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.

1936ko urriaren 4an gelditu zuten tropa frankisten erasoa Intxortako frontean. Apirilaren 24ra arte eutsi zioten eta horri esker onartu zen lehenengo euskal estatutua –Elgetako estatutua deiturikoa– eta eratu zen lehenengo Eusko Jaurlaritza.

Garaileek idazten dute historia eta Intxorta 1937 kultur elkarteak 40 urte daramatza isildutakoak argitzen. 90. urteurreneko ekitaldiei hasiera emateko antzeztutako mendi ibilaldia egin dute goizean Elgetan. Bertan, Arratiako 145 gudariak izan dituzte bereziki gogoan. Lehenak izan ziren Elgetara iristen eta lehenak izan ziren sektoreko lubakietara igo eta posizioa defendatzen. Hala ikusi eta ikasi dute gaurko bisita gidatu antzeztua ikusi duten 60 bat bisitariek. 

Bi ordu eta erdiko iraupena izan du mendi irteerak. Arratiako gudarien iritsiera eta antolaketaren lekuko izan dira bisitariak eta haien ibilerak zein izan ziren ikusi eta ikasi dute gertatutako lekuan bertan.

Atzoko euri zaparradak tarteko, ibilaldia laburtu dute; izan ere, lokatz handia zegoen Intxorta Txikin. Andra Mari plazatik abiatu da bisita antzeztua eta geldialdiak egin dituzte Salbador kalean, Salbador ermitan, Intxortako lubakietan, Belgiarren posizioan eta Intxortako Atean. 50 bat boluntarioren lanari esker 1936ko borrokaldietan gertatutakoak ezagutu dituzte bisitariek eta eman ziren indar desorekaren berri izan dute.

Ekitaldia antzokian

Bisita gidatuaren osteko ekitaldia antzokian izan da. Bertan, hitza hartu dute memoria historikoa eta turismo saileko zinegotzi Ione Elkorok eta Intxorta 1937 kultur elkarteko kide Nerea Villak. Elkorok egia ezagutaraztearen garrantziaz egin du berba, memoria historikoa lantzearen garrantziaz eta horrekin batera biktimei zor zaien egia, justizia eta erreparazioa eskatzearen arduraz.

Villak gerraren eta errepresioaren kontakizuna bizirik mantentzearen egitekoaz egin du berba eta aipatu dituen izenetako bat izan da Arratia konpainiako Juan Lejarreta, lehen borrokan hildako biktima. Gogoan izan ditu, baita ere, gerra bizi izan zuten elgetarrak eta bereziki ume izanik erbesteratuak izan ziren Pilar Gorrotxategi eta Jose Luis Arantzeta elgetarrak. Hain zuzen ere, hurrengo egunetan antzokian izango da ikusgai Orratz Begia: gerrako umeak erakusketa.

Ekitaldiari amaiera emateko, Kresala dantza taldeak Hitaz orhoit dantza ikuskizuna eskaini du eta bertaratutakoek lore eskaintza egin dute gerrako eta ondorengo diktaduraren biktimen omenez.

 

Arratiako konpainiako gudariak goizeko antzezpenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak