Orain hilabete batzuk Asentziorako abiatutako parte-hartze prozesuak mugarri berria izan zuen eguaztenean. Elgetako Udalak eta Angiozar Bailarako Batzarrak bultzatuta, eta Bizi Biziki enpresak gidatuta, herritarrek egindako proposamenetan oinarritutako ekintza plana aurkeztu zuten Asentzion bertan. Elgetako eta Angiozarko hogei bat lagunek hartu zuten parte aparkalekuan hasitako bisitan, eta enpresak hiru eremutan zatitu zuen plana xehetasunak azaltzeko: aparkalekua, txaletaren pareko espazioa eta ermita ingurua. Bertaratutako herritarren balorazioa eta azken ekarpenak jasotzeko saioa izan zen aurkezpen-bisita.
Aparkalekuan, harrera-gunea
Planaren lehen ardatzak aparkalekuaren gunea eraldatzea proposatzen du, ibilgailuendako espazio hutsa izan beharrean, parkera sartzeko harrera-gune bilaka dadin. Horretarako, autoen plazak gutxitu etazuhaitz landaketa berriak egiteaz gainera mahai eta eserleku gehiago eta iturri bat jarriko lirateke. Bestetik, espazioaren aisialdi izaera indartzeko gaur egungo errepidearen alboan oinezkoendako ibilbide ondo definitu bat sortuko litzateke putzuko iturriraino, eta erabilera arauak argi jasotzen dituzten informazio-panelak jarri sarreran. Baimendutako ibilgailuen sarrera dela ondo adieraztea da asmoa eta horien abiadura orduko 30 kilometrora mugatuko da. "Parke natural batera sartzen ari garen sentsazioa ematea da helburua", azaldu zuen Bizi Biziki enpresako Izar Alguerok. Herritarrentzat gune honetako esku-hartzea lehentasunezkoa da.
Barruan, erabilera orekatu
Aurkezpeneko bigarren geldialdia txaletaren parean egin zuten. Gaur egun erabilera eta itzal gutxi duen eremua izanik, garbitu eta bertan zuhaitzak landatzea da ideia. Horrekin batera, mahai gehiago, iturri bat eta umeendako jolasgune bat egitea. Bestetik, helburua izanik espazio horren eta ermita inguruko pagopearen arteko erabilera orekatzea, Bizi Bizikiren proposamenetako bat da sua egiteko parrillak txalet parera leku aldatzea. Txaletaren etorkizuna, aldiz, airean dago. Aurrekontuaren arabera, proposatutako aukeren artean daude parrilak jartzeko espazioa, aterpe librea edo komunak egitea bertan.
Hirugarren eremuan, putzuan eta ermita inguruan, gaur egungo erabilera masiboa gutxitu nahi da parrilak mugituz. Putzuaren ertzetako higadura saihesteko landaredia jartzea proposatzen da. Ura garbitzen eta oxigenatzen ere lagunduko lukeela esan zuten adituek. Ermita inguruan, berriz, altzariak berritu eta egungo informazio panelaren ordez gune txukunago bat jartzea dago proposatutako ideien artean.
Lehentasunak finkatu
Lehentasunei buruz galdetuta, herritarrek aparkalekuan harrera-gunea egitea hobetsi zuten. Horrekin batera, txalet inguruan landaketak egitea eta jolasgune bat jartzea.
Bizi Biziki enpresak orain txosten bat aurkeztuko dio Elgetako Udalari. Proposatzen diren ekintza guztiak kontuan hartuta, lanek 305.500 euroko aurrekontu-estimatua dute. "Irten diren proposamenekin pozik nago. Aurrera eramateko modukoak iruditzen zaizkit. Beharren eta dagoen aurrekontuaren araberako lehentasunak ezarri beharko ditugu", esan du Elgetako zinegotzi Ione Elkorok.
Egindako lanketak emandakoarekin pozik da, baita ere, Angiozarko alkate Mila Elortza: "Aurpegi garbitu bat eman eta denon errespetua irabazteko moduko gune bat izan beharko litzateke Asentzio".
