Sebas Arantzabalek irabazi du Euskal Herriko III. bolo maratoia, hirugarrenez jarraian

Eki Letona Erretolatza 2026ko abuztuaren 30a

Euskal Herriko III. bolo maratoiko irabazleak.

33 bolarik hartu dute parte aurtengo edizioan eta txapela hirugarrenez jarraian jantzi du Sebas Arantzabalek. Gotzon Uranga izan da bigarren, eta Bittor Astigarraga hirugarren. Gaizka Bolinaga laugarren sailkatu da eta Josu Arantzabal bosgarren.

Euskal Herriko III. bolo maratoia jokatu zen atzo. Hirugarren urtez jarraian, bailarako hiru bolatokik hartu zuten ekitaldia: Zabaletakoak (Angiozar), Elgetako Salbadorkoak eta Elgetako erdigunekoak. Guztira, 33 parte-hartzaile aritu ziren tiraldietan, eta egun osoan zehar giro ederra izan zen bolatokietan.

Bolatoki bakoitzak bere berezitasunak

Maratoiaren berezitasunetako bat hiru bolatokien ezaugarri ezberdinetara moldatu beharra da. Izan ere, tiraldi bakoitzak bere saria izan zuen, eta bolari batzuek hiru bolatokietan parte hartu zuten; beste batzuek, berriz, bitan edo bakarrean.

Zabaletako bolatokian bota ziren txirlo gehien. Bittor Astigarragak irabazi zuen tiraldia, bederatzi txirlo botata. Emaitza horrek sailkapen nagusirako abantaila handia eman zezakeela zirudien, baina azkenean ez zen nahikoa izan txapela eskuratzeko.

Salbadorkoa da hiru bolatokietatik motzena, baina horrek ez du esan nahi errazena denik. Baso-bolatokia da, eta gainaldeko harriek berezko jokamoldea eskatzen dute. Horregatik, bolari askorentzat garrantzitsua izaten da hiru tiralditan bola bat edo beste sartzea. Josu Arantzabal izan zen bertako irabazlea, bost txirlo botata.

Elgetako bolatokian, berriz, herritar gehiago ere batu ziren tiraldira. Ganix Rodriguezek eskuratu zuen garaipena, zortzi txirlo botata.

Erregulartasunaren saria

Sailkapen nagusian, Sebas Arantzabal izan zen hiru bolatokietan erregularrena. Hiruretan gehitu zituen txirloak, eta Zabaletan eta Elgetan lortu zituen kopuru handienak. Maratoi batek eskatzen duen erregulartasuna erakutsi zuen, eta horri esker lortu zuen garaipena.

Izan ere, aurtengo edizioak berriro erakutsi du bolatoki batean txirlo asko botatzeak ez duela txapela ziurtatzen. Hiruretan emaitza ona lortzea eta egoera ezberdinetara moldatzea izan dira Arantzabalen garaipenaren gakoetako batzuk.

Salbadorko bolatokian arratsaldeko txandan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak