Topaketa antolatzeaz Elgetako txirrindulari elkarteko kide izandakoak arduratzen dira eta horien artean Emilio Mandaluniz azpimarratu beharra dago. 1992ko lehen topaketa antolatu zuenetako bat izan zen Mandaluniz, eta ordutik bi urtez bakarrik egin dute kale, pandemiagatik.
Aurten, 55 lagun batu dira. Gehienentzat urteroko zita izaten da Elgetakoa; 1982ko Espainiako Itzulia irabazi zuen Marino Lejarretak, esaterako, ez du hutsik egiten. Eta Julian Gorospe, Manu Murga eta Juan Fernandez izaten dira Elgetako zitan kale egiten ez dutenetako beste hiru.
Harrobian egin beharreko lana
Profesionaletara jauzia emateko aukera izan zutenak dira Elgetan elkartu ohi direnak eta guztiek dute argi profesionaletan lehiatzeko ezinbestekoa dela harrobiaren eta elkarte txikien lana. Ezinbesteko lan horren adibide, Elgetan izan zen atzo 100 urte bete dituen Eibarko txirrindularitza elkarteko ordezkaritza.
Juanito Oiarzabal ere bai
Aurtengo zitak gonbidatu berezia ere izan du, Manu Murga gasteiztarrak bere lagun Juanito Oiarzabal ekarri zuelako. Ziklismo profesionala gehiegi ezagutu gabe ere, ederto egokitu zen Oiartzabal txirrindulari ohien topaketara. Elgetarekin harreman berezia du, gainera.