ALBISTEAK

Kiroldegia handitzeko aurreproiektuak egungo eraikinaren ondoan beste bat eraikitzea aurreikusten du

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko ekainaren 17a

600 metro karratuko azalera duen eraikin berria egitea aurreikusten du Udalaren aurreproiektuak. Erabilera askotariko bi gela, rokodromoa, gimnasioa, spinning gela eta aldagelak izango ditu. Gaztetxea bota eta pumptrack-gunerainoko orubean kokatuko litzateke.

1,2 milioi euroko aurrekontuarekin, gaur egun gaztetxeak hartzen duen orubean eta aldamenekoan izango luke lekua eraikin berriak. 

Ibon Unzetabarrenetxea alkateak eta Kiroletako zinegotzi Ikuska Lizarraldek martitzenean aurkeztu zuten jendaurrean aurreproiektua. Lagun izan zituzten Arktelier estudioko arkitekto Oihane Ania Zubiaur eta Estanislao Fernandez Narbaiza.

Aurreproiektuak ez du jasotzen gaur egungo kiroldegian aldaketarik egitea, aldamenean beste eraikin bat eraikitzea baizik. "Bigarren solairua egiteko aukera ez dugu guztiz baztertu, baina badakigu proiektu horren kostua gehiegizkoa dela –bi milioi euro inguru–". Alkateak azaldu du obrak eskatzen duela, besteak beste, eraikinaren oinarriak indartzea eta igogailu bat jartzea, horrek dakarren gastuarekin: "Eraikin berria eraikitzeak, ordea, 1,5 milioi euroko aurrekontua izango luke –barruko materiala eta guzti–".

Herritarren ekarpenen zain

Aurreproiektua herritarren kontsultarako jarriko du orain Udalak. Hamabost eguneko epea izango da, eta herritarren iritziak eta ekarpenak jaso gura dituzte Unzetabarrenetxeak eta Lizarraldek. Behin betiko proiektua ekarpen horiek aztertu ostean landuko dute. Oraingoz, ez dago eraikin berria gauzatzearen gaineko epemugarik. "Udalak kanpoko dirulaguntzak beharko ditu lanak egiteko, eta ez dugu espektatiba faltsurik sortu nahi", esan du alkateak.

Gehikuntza, gaztetxe aldera

Aurreproiektuak ez du gaur egungo instalazioetan aldaketarik aurreikusten. Eraikin berriak gehikuntza bat ekarriko luke. Bertan, aldagelak, pare bat bulego txiki, erabilera askotariko bi gela, spinning gela, gimnasioa eta rokodromoa joango lirateke.

Gaztetxearen etorkizuna

Gaztetxearen etorkizunaren inguruan galdetuta, Ibon Unzetabarrenetxea alkateak esan du Gazte Asanbladako kideak hasieratik daudela eraikin berriko proiektuaren jakinaren gainean. Gehitu du alde biak hitzarmen bat lantzen ari direla eta Udalak konpromisoa hartuko duela gaztetxea botatzeko unea iristen denean gazteei ordezko egoitza bat eskaintzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak